Pietro Marcelloren atzera begirakoa, bere zazpi film luzeek eta carte blanche batek osatua.
Pietro Marcello zinegile garaikide interesgarrienetako bat da. 2019 urtean Martin Eden izeneko filma estreinatu zuen. Jack Londonen eleberri izenkidearen adaptazioa da pertsonaia eta istorioa Italiara eramanez. Pietro Marcellok hainbat sari jaso zituen luzemetrai honekin: Veneziako jaialdian aktore onenari saria (Luca Marinelli), Europar zinearen sarietan film onena, zuzendari onena, aktore onena eta gidoi onena eta Sevillako jaialdian pelikula onenari urrezko giraldilloa. Esan genezake, nolabait, Martin Eden-ekin iritsi zitzaiola Pietro Marcellori errekonozimendua eta fama. Baina, zeintzuk izan ziren zinegile honen lehenengo pausoak? Beti da interesgarria zine zuzendarien ibilbideak aztertzea eta udazken honetan Tabakaleran Pietro Marcelloren filmografia osoa ikusteko aukera izango dugu.
Zuzendaria Napolesetik gertukoa da eta artearen historia eta pintura ikasi zituen. Berak margolaria izan nahi zuen baina azkenean zinea egiten bukatu zuen. Lehenengo pausoak dokumentalean eman zituen eta berak kontatzen du dokumentalak egiten ikasi zuela bere zinearen estruktura nagusia: ezustekoak gidatzen ikasi zuen, arazoak konpontzen, bere kameraria izaten eta filmak muntatzen.
Bere lehenengo luzemetraia Il passaggio della línea izan zen. Pietro Marcelloren hitzetan, pelikula hau egin zuen 15 urte zituela etxetik alde egin eta gaueko tren bat hartu zuelako Parisera. Momentu horretatik aurrera trenetaz erabat maitemindu zen leku guztietara eramaten zaituztelako iragana atzean utziz eta etorkizuna beti aurrean daukazula.
Bigarren pelikularen kasuan, dokumental eta melodrama baten arteko nahasketa da. La bocca del lupo izenekoa, “pelikulak bi historia jarraitzen ditu: lehena, Enzo eta Maryren arteko maitasunari buruzkoa, eta historia nagusia Genova hiriari buruzkoa, hau artxibo irudien bidez kontatua”.
Pietro Marcelloren hirugarren filma berak miresten duen zinegile bati omenaldia da: Astavazd Pelesjiani hain zuzen ere. Zuzendari armeniarraren erretratua eraikitzen du Marcellok Pelesjianek pelikula osoa isilik emanez. Erretratu ederra da. Film honekin 2021-ko Per Lucio jarri liteke harremanetan. Azken luzemetrai honetan omendua Lucio Dalla musikaria da. Kasu honetan ere artxibo irudiak dira nagusi. Beraz, bagoaz Marcelloren pelikulen arteko harremana marrazten: Italia, artxibo irudiak, miresten dituen pertsonak.
2015 urtean izan zen Pietro Marcelloren saltoa fikziora. Kasu honetan Guido Piovene idazlearen liburu batean oinarritu zen. Bertan gizakia eta naturaren arteko harremana aztertzen du eta aldi berean, Italia garaikidearen historia eta Carditello gazteluarena kontatzen ditu. Gazteluak galdutako edertasuna eta gizabanakoaren borroka islatzen ditu. 2019an dagoeneko aipatutako Martin Eden-en momentua izan zen eta 2021-ean, aurten, bi film egin ditu zuzendariak. Alde batetik, dagoeneko azaldutako Per Lucio eta bestetik, Francesco Munzi eta Alice Rohrwacherrekin batera zuzendutako Futura. Azken pelikula honetan hiru zuzendariek bidaia bat egin zuten Italian zehar nerabe edo gazteei galdetuz beraien bizitza eta ametsen inguruan. Era honetan herrialde eta momentu baten erretratua egiten du hirukoteak. Kuriosoa da azken bi film hauek dokumentalak baitira eta beraz, esan genezake Pietro Marcelloren beste ezaugarrietako bat dokumentala eta fikzioaren arteko joan etorri geldiezina dela.
Gutun zuri bat eskaini diogu Pietro Marcellori eta berak argi izan du zein pelikula jarri nahi zuen: Víctor Ericeren El espíritu de la colmena. Zinegileek hautatzen dituzten filmak beti dira beraiek ezagutzeko pista onak. Zein harreman ote dago Pietro Marcello eta Víctor Ericeren pelikularen artean? Bere azalpena jaso aurretik gutako bakoitzak imajinatu dezake erantzun posiblea.
Azkenik, ezusteko polita gertatu da Pietro Marcelloren atzerabegirako honekin. Kontua da zuzendariari Luis Buñuel ikaragarri gustatzen zaiola eta kasualitatez Tabakaleran bere fokua Buñueli eskaini diogun zikloaren azken hiru hilabetearekin batera gertatuko dela. Beraz, urria, azaroa eta abenduan bi zuzendari handi hauek izango ditugu nolabait beraien artean solasean Tabakalerako zine aretoan.
Urriak 1, ostirala, 19:00
Il passaggio della linea, Pietro Marcello, Italia, 2007, 60'
Urriak. 21, osteguna, 19:00
La bocca del lupo, Pietro Marcello, Italia, 2009, 76', EU
Urriak 30, larunbata, 19:00
Il silenzio di Pelesjan, Pietro Marcello, Italia, 2011, 52'
Azaroak 4, osteguna, 19:00
Bella e perduta, Pietro Marcello, Italia, 2015, 86'
Azaroak 27, larunbata, 19:00
Martin Eden, Pietro Marcello, Italia, 2019, 129'
Abenduak 2, osteguna, 19:00
Per Lucio, Pietro Marcello, Italia, 2021, 79'
Abenduak 16, osteguna, 19:00
Futura, Pietro Marcello, Francesco Munzi, Alice Rohrwacher, Italia, 105’
Abenduak 25, larunbata, 19:00
PIETRO MARCELLO: CARTE BLANCHE
El espíritu de la colmena, Víctor Erice, Espainia, 1973, 94'