
Donostia 2016k karta zuria eman dio Jone San Martin dantzari eta koreografoari, Europako Kultur Hiriburuaren programa aberats dezan. Diseinatu duen proposamen artistikoaren azken ekarpena den honetan, donostiarrak sorlekura dakartza Ryoji Ikeda eta William Forsytheren instalazio bana. Bata bestearen parean daude kokatuta, eta biek azpimarratzen dute kontzeptu bera: gorputzaren kontzientzia espazioan.
Ryoji Ikeda: "A"
Musika elektronikoaren konpositore eta artista bisuala da Ikeda, eta soinuaren eta publikoaren mugimenduaren arteko jokoa planteatzen du A instalazioan. Hotsaren eta pertsonen lekualdatzearen arteko interakzioa bibrazio forman atzemango dute bisitariek.
Historian zehar, "la" musika nota izan da orkestrak afinatzeko erabili den erreferentzia unibertsala. Lau bozgorailuk nota hori emitituko dute aldiberean, baina frekuentzia desberdinetan. Seinale hauek, elkarrekin, soinu-uhinen itsaso ikusezina sortuko dute; dardara, ordea, etengabe sentitu ahal izango da forma aldakorrean, gelan dauden pertsonen mugimenduaren arabera.
William Forsythe: "Nowhere and Everywhere at the Same Time No. 4"
William Forsythek, koreografo ospetsuenetakoa munduan, lehen itxura batean zeharkatu ezin den espazioa aurkezten du Nowhere and Everywhere at the Same Time No. 4 instalazioan: sabaitik lurrera zintzilik dauden ehudaka penduluz betetako gela. Bisitariak aske dira aretoan ibiltzeko, baina oszilazioan dabiltzan zintzilikariak ez ikutzen saiatu beharko dira. Ahal badin badute.
Ustekabeko dantzari bilakatzeko gonbita luzatzen dio Forsythek publikoari, gorputzaren mugimenduan kontzentratzera behartzen baitu bere instalazio koregrafikoan zehar ibiltzeko, Ikedaren alboko gelatik datorren soinuaren erritmora.
William Forsytheren objektu koreografikoak garatzea eta nazioartean erakustea posible da Susanne Klattenen laguntza eskuzabalari esker.
Donostia 2016k karta zuria eman dio Jone San Martin dantzari eta koreografoari, Europako Kultur Hiriburuaren programa aberats dezan. Diseinatu duen proposamen artistikoaren azken ekarpena den honetan, donostiarrak sorlekura dakartza Ryoji Ikeda eta William Forsytheren instalazio bana.
