Maider Oleagak sortu du En el interior de cada fruta hay un pescado (Fruta bakoitzaren barruan arrain bat dago), Vive le cinéma! erakusketaren harira egindako eskaera bati erantzuten dion proposamena. Bideo-entsegu forma hartu duen lan honek aipatutako erakusketako partaideetako bat den Isaki Lacuestaren filmografian barna bidaia bat marrazten du. Oleagak zinegile katalanaren film zatiak aukeratu ditu mugimenduzko irudiak, soinu-konposizioak eta kontaera baten narrazioa txirikordatzen dituen kontakizun bat eraikitzeko.
Horrela partekatu nahi izan du Oleagak Lacuestaren lan zabalak iradokitzen diona. Off-eko ahots batek ematen duen kontakizuna testu moduan txertatuta geratzen da, ipuinaren, asmakizunaren eta atsotitzaren arteko bidegurutzean, eta En el interior de cada fruta hay un pescado osatzen duten geruzak batzen ditu.
Hainbat filmek plano bera partekatzeak eta film bateko eszena baten ondoren beste film bateko eszena bat katigatzeak Lacuestaren lana perspektiba berri batetik hautematera garamate. Oleagak uste gabeko harremanak, elkarrekikotasun ezezagunak eta kontrajarritako erritmoak sorrarazten ditu, Lacuestaren hedatutako unibertsoan zentzua hartzen dutenak.