Urritik abendura bitartean, Euskadiko Filmategiak euskal zinemari eskainitako programazioa izaten du urtero, eta atzera begirakoak edo ziklo tematikoak antolatzen ditu.
Ildo horretan, hiru hiruhileko aurreikusi ditu Filmategiak 2021etik 2023ra bitartean, eta, haien bidez, balioa eman nahi zaie Euskal Herriko emakume zinemagileek film luzearen esparruan eginiko lanei eta erakutsitako talentuari. Proposamena argia zen: zaharrenetik gazteenera, zuzendariok berek hautatu behar zuten film luze bat beren filmografiatik, proiektu honetan aurkezteko. Hala egin zen lehen denboraldia... Eta halaxe planteatzen da bigarrena ere...
Aurtengo zikloa Carmen y Lola (2018) film ausartarekin hasiko da, zeinari esker zuzendari berri onenaren Goya saria eskuratu baitzuen Arantxa Echevarríak. Lan hark garbi utzi zuen, beste behin ere, zer-nolako gaitasuna duen zinemak tabuak suntsitzeko. Mujeres en pie de guerra (Susana Koska, 2004) eta La higuera de los bastardos (Ana Murugarren, 2017) filmek gerra zibilera eramango gaituzte: lehenbizikoak faxismoaren aurka borrokan ari diren emakumeen zuzeneko testigantza baliatzen du bide horretan, eta bigarrenak, berriz, Ramiro Pinillaren eleberria du abiapuntu, Berlangaren distirekin.
Ione Hernándezen 1 % esquizofrenia (2006) dokumentalaren bidez, poetikoki murgilduko gara gaixotasun baten bihotzean, aurreiritziak eraisteko. Esther Pérez de Eulatek, Poética Pública PLAZA (2010) obran eginiko behaketarekin, kalearen balioa aldarrikatzen du: «harreman publikoak» edo «jendarteko harremanak» iturri eta xede dituen agertoki gisa erakusten du kalea, eta haren balio estrategikoa, borrokarakoa eta poetikoa nabarmentzen du. Toda la vida del mundo (2010) obrarekin, Nuria Ruiz Cabestanyk bi esperientzia paralelo erakusten ditu, kontrako noranzkoan eginiko bi bidaia: batetik, umeei laguntzeko Etiopia aldera egiten duen euskal misiolariarena, eta, bestetik, alabari bizitza hobea eskaini ahal izateko Euskal Herrira datorren etiopiar gaztearena. Aztarnak (2021) lanaren bidez, Maru Soloresek bidaia oso pertsonal bat egiten du egungo amatasuna abiapuntu harturik, eta gizakiaren lehen momentuetako oroimenaren ustezko ezintasuna hartzen du xede. Anderea (Yolanda Mazkiaran, 2020) obrak, bestalde, tonu errealista eta onirikoa uztartzen ditu, eta Mari edo Anbotoko dama pertsonaia mitologikoari buruzko galderak planteatzen ditu orainetik. Asier ETA biok (Amaia eta Aitor Merino, 2013) adiskidetasun baten kontakizuna, eztabaidarako gonbidapen bat eta film aske bat da.
Eskola-saioetarako, berriz, Lucius Dumben berebiziko bidaia (Maite Ruiz de Austri, 2013) programatu dugu, zientzia-fikzioaren eta giza eskubideen aldeko animazioaren aldeko apustu sendoa.
Saio berezia: Pedro Oleari omenaldia
Euskadiko Filmategiko saio bereziak gaikako edo atzera begirako zikloekin taxutzen dira. Edizio honetan, omenaldi xume baina sentitu bat egingo diogu Pedro Olea maisuari. Gure zinemaren ezinbesteko izen horren filmografian, nonahi ageri dira kemena, jakin-mina eta dinamika sozial makurrek zanpatutako pertsonaien ohiko erretratuak. Eta formari dagokionez, berriz, guztietan nabari da zer-nola menderatzen zuen zuzendari-ofizioa. El bosque del lobo (1970) filmarekin, erakutsi zuen gustuko zuela errealitatean ainguraturiko beldurrezko zinema, eta jada klasiko bihurtu da berak ekoitzi eta zuzendu zuen lan hori. Zonbi eguna (2015) film laburrari esker, Olearen alderdi berriago eta jostalariago bat ezagutuko dugu.