Tabakalerako Nazioarteko Zinema Mintegiaren helburua zinema eta arte garaikidearen arteko gurutzaketaz gogoeta egitea da. Tabakalerako erakusketa-areto nagusian ikusgai dagoen erakusketa izaten da beti abiapuntua, eta mintegiak egiten duen proposamena artistekin eta zinemagileekin hiru egun partekatzea da. Jarduera eta ekimen desberdinek osatutako programa baten bitartez mugimenduzko irudiari lotutako esperientzia osatzea da helburua.
Aurten, mintegiaren abiapuntu izango den erakusketa Vive le cinéma! izango da. Erakusketa horretan lau zine-zuzendarik erantzun diote zinema-areto baterako egin beharrean erakusketa-areto baterako pieza bat egiteko gonbidapenari. Zinemagileak Dea Kulumbegashvili, Lemohang Jeremiah Mosese, Isaki Lacuesta eta Jia Zhang-ke dira.
Isaki Lacuestak eta Dea Kulumbegashvilik mintegian parte hartuko dute hitzaldi bat emanez, eta Rabih Mroue, Alex Reynolds, Maddi Barber eta Mirari Echávarri artistek ere parte hartuko dute. Gonbidatuen hitzaldietatik abiatuta, espazioari, denborari, ikusleen esperientziari eta pantailaren mugei buruz hausnartu ahal izango dugu, baita hizkuntza zinematografikoari berari buruz ere.