Zinemaren eta zientziaren ziklo honen seigarren edizioan asko hitz egingo dugu maitasunaz. Eta zientziaz.
«Fisika eta kimika gara», pentsatzen zuen Severo Ochoa Nobel Sari asturiar ospetsuak. Esaldia zertxobait luzeagoa zen, baina: «Maitasuna fisika eta kimika da… Baina oso fisika eta kimika sofistikatuak, e? Horixe garela uste dut, eta besterik ez: fisika eta kimika». Bada oso zabalduta dagoen sinesmen faltsu bat, automatikoki zientzia eta maitasuna kontrajartzen dituena. Hala ere, biokimikari asturiarrak errefrau egoki batean laburbiltzen du bi eremuak, hau da, zientifikoa eta emozionala, elkarrekin lotuta daudela. Maitasuna, giza adierazpen handienetako bat, zuzenean lotuta dago zientziarekin ere.
Zinemaren eta Zientziaren ziklo honen seigarren edizioan (beti bezala, DIPC Donostia International Physics Centerren eta Donostiako Zinemaldiaren eskutik) asko hitz egingo dugu maitasunaz. Eta zientziaz. Zientziarekiko maitasunaz, baina baita bestearekiko maitasunaz ere. Maitasun fisikoa eta maitasun espirituala. Erlijioaz eta sinesmenez. Eta galerez, nostalgiaz eta minaz. Oso gizatiarrak diren gauzez. Nahi gabe, eta beharbada bizitzea egokitu zaigun errealitate nahasi eta ilunagatik, maitasuna hari eroale baten gisa sartu zaigu, eta horrek pelikulaz pelikula salto eginarazten digu. Helburu horren bilaketan, zientzialarien ekarpen ordainezina izango dugu, beti bezala, horiek zikloko aurkezpenak eta solasaldiak aberastuko baitituzte beren jakintzarekin eta gizatasunarekin.
Zikloaren irudia bera asmoen adierazpen moduko bat da. Suaren kontrako jantzi argi batzuekin jantzitako zientzialari-bikote baten irudiak ikusten dira, sumendi-erupzio batean sortutako laba gorri sutsuaren irudi ikusgarriaren kontra jarrita. Irudia zikloaren protagonista izango diren filmetako batetik aterata dago: Fire of Love (Sara Dosa, 2022), elkarren arteko maitasunak eta sumendiekiko maitasunak elkartutako bi bolkanologoren (Katia eta Maurice Krafft frantsesak) esperientziei buruzko dokumentala. Zientziarekiko eta familiarekiko maitasuna da nagusi, halaber, Madame Curie (Mervyn LeRoy, 1943) bikainean; bertan, bi aldiz Nobel saria jaso zuen emakume poloniarraren ikerketa-urteak aztertzen dira. Baina, maitasunaz hitz egiten badugu, espazioaren eta denboraren oztopoak gainditzen dituen maitasunaz, banpiroaren mitoa izango da beti erreferentzia, denboran zehar ezinezko maitasun baten bila dabilen izaki ez hila, Drácula de Bram Stoker (Bram Stoker's Dracula, Francis F. Coppola, 1992) liluragarriaren protagonista. Baina badira programan beren lekua duten beste maitasun mota batzuk ere. El nombre de la rosa (Der Name der Rose, Jean-Jacques Annaud, 1986) filmean, egiarekiko maitasunak Italiako abade-etxera eramango ditu Gilen de Baskerville eta bere laguntzaile Adso de Melk. Bestalde, egia zientifikoarekiko maitasunak gidatuko ditu Spencer Tracyren urratsak La herencia del viento (Inherit the Wind, Stanley Kramer, 1960) filmean. Tom Hanksek maitasun askea eskubide gisa defendatuko du Philadelphia (Jonathan Demme, 1993) filmean, eta koronel batek «estatubatuarren gorputz-fluidoekiko» sentitzen duen maitasuna hondamendi nuklear batean amaituko da ¿Teléfono rojo? Volamos hacia Moscú (Dr. Strangelove or How I Learned to Stop Worrying and Love the Bomb, Stanley Kubrick, 1967) bikainean. Matematikekiko maitasun obsesiboak eromenera eraman zuen Nobel saria jaso zuen beste zientzialari bat, John Nash, eta haren bizitzan oinarritzen da Una mente maravillosa (A Beautiful Mind, Ron Howard, 2001). Galdutakoarekiko nostalgia nagusitzen da, eta ez horrenbeste maitasuna, distopia zinematografiko handienetako batean: Cuando el destino nos alcance (Soylent Green, Richard Fleischer, 1973). Eta animalia, basatia eta izugarria denari erreferentzia eginez amaituko dugu, Marrazoa (Jaws, Steven Spielberg, 1975) hunkigarriarekin. Horixe da hiruhileko honetako menua.
Aurrekoetan bezala, menua gure geografiako bost puntutan dastatu ahal izango da: Donostian (Tabakalera), Bilbon (UPV/EHUko Mitxelena aretoa), Gasteizen (Artium), Iruñean (Golem Baiona) eta Donibane Lohizunen (Cinéma Le Sélect). Eta beti DIPCeko zientzialarien eskutik. Zientzia maite dugulako. Zinema maite dugulako.