Descripcion Larga

Tabakalerak 2023ko zinema-denboraldi berria aurkeztu du. Urtarrilaren 13an hasiko da, Tabakaleraren pantaila partekatuan programatzen duten erakundeek eginiko programa proposamenaren eskutik: Donostia Kultura, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola eta Tabakalera. 

Aurtengo berritasun nagusietako bat da erakunde programatzaileek programazio jasangarriagoa diseinatzeko ahalegina egin dutela, Donostian urtean zehar egiten diren zinema-jaialdien egutegia kontuan hartuta. 

Ildo horretan, Tabakalerako pantailaren programazioa Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin, Dock of the Bay Musika Dokumentalen Jaialdiarekin, Giza Eskubideen Zinemaldiarekin eta Crossover Series Festival jaialdiarekin koordinatuta egin da, eta hiriko jaialdietako emanaldiekin uztartuta eskainiko da. Helburua da bertako zinemazaleek hirian eskaintzen diren zinemarekin lotutako askotariko proposamenez gozatu ahal izatea, horietako bakar bati ere uko egin behar izan gabe. 


Zinema eta Zientzia zikloarekin ekingo zaio urteari

Urtarrilaren 13an hasiko da Zinema eta Zientzia zikloaren seigarren edizioa. 2023ko urtarriletik martxora bitartean emango da, eta Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek eta Donostia Zinemaldiak antolatu dute. Ekimenak kultura zinematografiko eta zientifikoaren transmisioa irmoki bilatzeari jarraipena emango dio, eta urtarrilean iragarriko diren hamar lan eskainiko dira.

Apiriletik ekainera bitartean, iaz hasitako esperientzia gozoa errepikatuko da Lyongo Lumière Institutuaren eskutik, Lumière emanaldiak egingo baitira bigarrenez.

Uda iristearekin bat, jazzak hartzen ditu hiru euskal lurraldeak. Euskadiko Filmategiak euskal panoramako hiru jaialdi-hitzorduekin bat egingo du, uztailean Jazzinema zikloaren seigarren edizioa antolatu baitu.

Urtea amaitzeko, programazioaren azken hiruhilekoan euskal zinemagileak izango dira protagonista. Horrela, Euskal Emakume Zinemagileak III zikloak ikusgai jarriko du beren ibilbideetan gutxienez film luze bat grabatu duten euskal emakume zuzendarien talentua.

 

Nosferatu: Frantziako polarra

Zinema beltz frantsesari buruzko zikloa, polar deiturikoa, Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatzen dute, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valenciana erakundearen lankidetzarekin, eta 2023ko urtarrilaren 18tik abendura garatuko da eta programazioa urtarrilean iragarriko da. 

Hamabi hilabete horietan, zinema beltz frantsesaren historiako hogeita hamar film ingururen hautaketa bat emango da.

Lehenengo saioan, Louis Feuilladek Krimenaren Enperadoreari eskainitako bost filmetako lehena ikusi ahal izango da, Fantômas: A la sombra de la guillotina (Fantômas: À l’ombre de la guillotine, 1913), eta Ménilmontant (1926) kultuzko film ertaina, Dimitri Kirsanoff-ek zuzendua.

Halaber, urteko lehen hiruhilekoan programatu dira, besteak beste, Jean Renoir, Julien Duvivier, Jacques Becker edo Henri-Georges Clouzot, zuzendariek zuzendutako filmak, Frantziako zinemaren aktore klasikoek interpretatuak, hala nola hauek: Jean Gabin, Michèle Morgan, Michel Simon, Jeanne Moreau, Eddie Constantine, Magali Noël, Robert Hossein edo Lino Ventura.

Marcel Allain-ek eta Pierre Souvestre-k sortutako aipatutako Fantômas eta antzeko beste kriminal ospetsuak; Maigret komisarioaren edo FBIko Lemmy Caution agentearen mailako ikertzaileak, hurrenez hurren, Georges Simenon-en eta Peter Cheyney-ren lumetatik sortuak; edo James M. Cain-en klasikoaren zinemako lehen egokitzapena: El cartero siempre llama dos veces. Hori guztia eta askoz ere gehiago Tabakalerako pantailan urtarriletik martxora bitartean, abendura arte luzatuko den ziklo horretan.

Zikloarekin batera, bi liburu argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehenengoa, Frantziako polarra 1933-1982, Nosferatu Bildumako 19.a, José Antonio Navarrok koordinatu du, eta otsailean edo martxoan argitaratuko da. Bigarrena, berriz, Iñigo Marzabalek koordinatu du, Nosferatu Bildumako 11.a, eta 2023. urtearen amaieran argitaratuko da.

 

Ruth Beckermann

Urtarriletik ekainera, Ruth Beckermann austriar zuzendariaren filmografia osoa ikusi ahal izango dugu. Haren lehenengo film luzetik hasi, Arena squatted (1977), eta azken lanarekin amaituta, Mutzenbacher, Berlinalen estreinatu eta saritua, eta Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu zuena. Guztira, 14 saio izango dira zinemagile horren lana ezagutzeko. Egile hori nabarmendu egiten da film bakoitzean modu desberdin bat bilatzen eta aurkitzen duelako eta zinema egiteko modu geldiezin bat ezagutarazten duelako. Gainera, maiatzean, zuzendaria gurean izango dugu bere sorkuntza-prozesuari buruz hitz egiteko. 

 

Publikoaren eta zinemagileen arteko hurbilketa

Tabakalerako programazioak zinemaren eta artearen arteko harremana estutzeko xedearekin jarraituko du 2023an, eta proiekzioen zati bat Evil Eye. Historia paralela de la óptica y la balística erakusketari buruzkoa izango da. Urtarrilaren amaieran irekiko ditu ateak erakusketa aretoan. 

Tabakaleraren zinema-unitatearen beste helburuetako bat da zinemagileak eta ikusleak gehiago hurbiltzea, eta hori egingo du Kontatutako Zinearen moduko proiektuei esker; proiektu horrek topaketa-espazio bat proposatzen du, zuzendariak filmak sortzeko prozesuari buruz mintza daitezen zinema-aretoan. 2023an Tabakalerako zinema bisitatuko dute, besteak beste, Maria Elorzak, Paul Urkijok eta Ruth Beckermannek. 

Bestalde, Zinema Feministaren Historiak zikloekin jarraituko dute, eta Artium Museoan programatuko dira, Noka 2022 programako zuzendariekin komisario gisa. Horrez gain, Jatorrizko Soinu Bandaren edizio berri bat programatu da: proiektuaren helburua da publiko berritara gehiago hurbiltzea. Lehen saioa martxoan izango da, No country for old men filmarekin (Ethan eta Joel Coen) eta Kokoshca taldearen musikarekin. Halaber, zinema familiarraren edizio berriak egingo dira honako hauekin: Kameleoiak Gara!, Zinearen Historia Etengabea eta Zine garaikidearen zikloa.

 

Urte osoko Zinemaldiaren hirugarren urtea: Zinemaldia + Plus

Hirugarren urtez jarraian, Donostiako Zinemaldiak film bat programatuko du hilero pantaila partekatuan, Zinemaldia + Plus zikloaren bidez, non ekitaldiarekin edo sorkuntza berriak babesteko programekin loturaren bat duten zinemagileen obrak jasotzen diren. Zinemaldia + Plus Z365 programaren barruan sartzen da: programak Donostiaren esentzia islatzen du edizio bakoitzeko bederatzi egunetara mugatzen ez den jaialdi gisa, eta urtean zehar luzatzen da zenbait proiekzio eta proposamenen bidez.

Lehen saioan, urtarrilean, zinema-ikasleen nazioarteko film laburren Nest lehiaketako irabazleen lanak proiektatuko dira: Montaña azul, Sofía Salinas eta David Bohóquez kolonbiarrena, eta Epaimahaiaren aipamen berezia, Anabase, Benjamin Goubet frantsesak zuzendua. Horrez gain, urtero zinemagile bati agintzen zaion eta ekitaldia nahiz atalaren topaketa- eta komunitate-izaera jasotzen dituen ikus-entzunezko pieza ere programatu da. Aurten, pieza Hikaru Uwagawa-k egin du; Elías Querejeta Zine Eskolako sorkuntza-ikaslea da, eta etorkizuneko egoiliarra Ikusmira Berriak-en, Ulysses proiektuarekin.

Otsailean, Koldo Mitxelena Kulturuneak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Donostiako Zinemaldiak antolatzen duten Zinemagileen arteko elkarrizketak programarekin lotuta, Las niñas (Pilar Palomero) filma proiektatuko da. Ikusleek aukera izango dute La Maternal lanaren zuzendariaren aurretiazko lana ikusteko; film horri esker, aurten Carla Quílez-ek interpretazio protagonista onenaren Zilarrezko Maskorra jaso du ex aequo. Ondoren, Palomerok Sofía Escudé muntatzailearekin izango duen elkarrizketa entzungo dugu, otsailaren 16an Koldo Mitxelena Kulturunean.

Martxoan, bestalde, Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatutako 2022ko Ikusmira Berriak programako egoiliarren aurretiazko lanak eskainiko dira. (Sameh Alaa, María Alché, Maddi Barber, Naomi Pacifique, David Pérez Sañudo eta lehen aipatutako Hikaru Uwagawa). Saioaren helburua da parte-hartzaileek sakonago ezagutzea zinemagile egoiliarren sorkuntza-unibertsoa, eta elkarrizketa bat partekatzea zinemari buruz.

 

Elías Querejeta Zine Eskolaren programazioa

Datorren urteko programaren beste berritasun bat Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleen jardunetik sortuko da. 2022-2023 ikasturteko Komisariotza Taldea lanean ari da apirilaren 17an hasiko den astean kontzentratuko den programa publiko bat zehazteko. Horrela, eskolako ikasleek (Eskolatik, Kamera armatu/A (r) mar la cámara...) antolatutako zikloen behin-behinekotasuna, orain artean urteka programatu izan dira, aldatzen da.

 

2023ko zinema-bonua eta sarreren salmenta 

Prezioen igoera orokorra gorabehera, 2023an Tabakalerako pantaila partekatuak sarrera eta bonuen tarifei eutsiko die. Beraz, sarreraren prezioa 4 eurokoa izango da, eta tarifa horri ohiko beherapenak aplikatu ahal izango zaizkio (DK txartela, TBK txartela...). 

Tabakaleraren zinema-bonuak ere baldintzei eutsi die, eta erabiltzaileei aukera emango die 120 euroren truke 2023an pantaila partekatuaren erakunde bazkideek programatutako 40 film ikusteko: Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera, 2023ko Zinemaldian programatutako filmak izan ezik. 

Beste urtebetez, bonua erosteak aurretik aipatutako bi argitalpenetako bat barne hartzen du: El polar francés 1933-1982 (19. zk., Nosferatu Bilduma) edo Zinema festa bat da (Katixa Agirre, Zinemaldia 70 zikloarekin lotutako Donostia sariei buruzko liburua).

Bonua 2022ko abenduaren 20ko 12:00etatik aurrera eros daiteke, 2023ko urtarrilaren 31ko 12:00etara bitartean, bai Tabakaleraren webgunean eta bai zentroko informazio-puntuan. Egun eta ordu horretan irekiko da, halaber, urtarrileko eta otsaileko proiekzioei dagozkien ohiko sarreren salmenta.

Bonua 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra (biak barne) kontsumi daiteke, hurrengo urteko programazioko sarrerak erosteko, eta bonuarekin lotutako kudeaketa guztiak Tabakaleraren webgunean eta zentroko informazio-puntuan egin daitezke: bonua erosi, opari gisa beste pertsona bati bidali, filmetarako sarrerak erosi bonuaren beherapenarekin edo eskuragarri dagoen saldoa kontsultatu. 

2023ko zinema-bonuarekin eta urtarrilerako aurreikusitako proiekzioekin lotutako informazio guztia Tabakaleraren webgunean kontsulta daiteke.

Imagen Listado
Imagen
Imagenes Detalle
Imagen
Fecha
Descripción Corta

Lehenengoz, zentroaren zinema-programazioa hiriko zinema-jaialdien egutegiarekin koordinatuta diseinatu da.