Donostiar Ereski Abesbatza (musika gregorianoa) eta Vomir (harsh noise wall) taldeek kontzertua eskainiko dute Ezorduan (Erritmoa eta iraultzak) programaren baitan.
Berrogei urte pasako ibilbidea egin ondoren kantari jarraitzen duen abesbatza donostiarra da Ereski. 80. hamarkadan nazioarterako jauzia egin ondoren, laudoriatua eta saritua izan da. Bere baitan gordetzen diren taldeen artean, Eskola gregorianista da tradizio luzeenetakoa duena.
“Aldaketarik ez. Garapenik ez. Ideiarik ez. Errukirik ez. Hemen dator ezereza.” Vomir-en musika halako azalpenekin aurkezten duenari ezin zaio aitzakiarik onartu. Musika deitzea arrisku bihurtu daiteke. Vomirrena, edo ezizen horren atzean ezkutatzen den Romain Perrotena, zarata monotilikoa, mugiezina, garbia, betirakotua da. Zarata latzeko horma (Harsh Noise Wall) izendatu zuen norbaitek.
Musika pizgarria da definizioz. Ez du beste aukerarik. Musikaren barne logikak, animaltasun gordinenei edo arrazionaltasun garatuenari ihes egiteko gaitasuna behin eta berriz berretsi duen horrek, arau propioak ezartzeko gaitasun oinarrizkoan gordetzen du bere esanezina, bere izugarria. Erdi aroaz geroztik, gure afektibitateetan eragiteko gaitasun horren eredu onartu dugun musika gregorianoa esaterako, jatorriz, entzulerik gabeko musika da. Audientziarik gabekoa. Bere fisikotasunean, kantariari hipoxia eraginez eta arkitektura dardartuz estasia eragiteko gaitasuna duen soinua.
Oinarrian, zarataren barne logika bera du. Inork entzuteko beharrik ez duten musikak dira biak. Baina guk entzuten ditugunak eta are gehiago, nahi ditugunak entzun. Askotan, aditu beharrik gabe.
Egitarau honetan aurkezten ditugun proposamenek, entzutearen gehiegikerien eta ez entzuteko ezintasunaren artean gure belarria dantzarazten duten soinuengan jartzen dute arreta. Soinu frekuentzien eraginkortasuna eta haien aurrean miloika modutan, plazeretik oinazeraino, kuzkurtzen diren gure belarrien irazkorrari buruz hausnartzea da helburua. Azken finean, gure hauskortasunaren kodeak ulertzeko ezintasunaren aurrean, haietan bustitzeko saiakera berri bat baino ez.
Donostiar Ereski Abesbatza (musika gregorianoa) eta Vomir (harsh noise wall) taldeek eskainitako kontzertua.