Larunbateroko JoLabs saioei beste itxura bat emango diegu datorren hilabeteetan. Ikasketarako eta sorkuntzarako gunea izaten jarraituko du, baina lantegi estrukturatu moduan landu beharrean epe ertaineko proiektuen bidez garatuko da, formato libreago batean. Modu honetara haur zein gurasoen iniziatiba, sormena eta egiteko gogoa bultzatuko dira.
Egizu Zuk Zeuk (DIY) eta Egizu Gainerakoekin (DIWO) filosofiei jarraituko diegu, eta Egizu Familian (DIF) formatoa sortuko dugu. Autoikaskuntza eta ikasketa kooperatiboa landuko ditugu, denon artean, bakoitzak dakiguna irakatsiz, gai desberdinak ikasi eta esperimentatuko ditugu. Formato honen bidez zenbait familiak egin diguten eskaerari erantzuna emten diegu, hau da, lantegietan Familian lan egingo dugu, baina baita familietan, elkarren artean lankidetza sustatuz. Haur eta helduen arteko lankidetza ere ezinbestekoa izango da lanak banatzerako garaian, haurrei ere beren lekua eta ardurak ematearren.
Garatuko diren proiektuak denon artean aukeratuko ditugu, bakoitzaren interes eta nahiak ezagutu ondoren. Bertan erabiltzen dugun teknologia ezagutu eta proiekturako erabili ahal izango da.
Prozesu jarraia izango da, beraz, proiektu batzuk martxa hartzen duten neurrian familia eta proiektu berriak gehituko dira. Itxaron zerrenda bat sortuko da izen ematean, eta familia batzuk etortzeari utzi edo taldea nahikoa autonomo bilakatzen denean taldekide berriak gehituko dira.
Egindako proiektuak abenduan burutzen dugun Eginzaleak azokan erakusgai jarriko ditugu!
Do It in Family (DIF)- Dekalogoa
1 / EGINEZ IKASI
Ikasteko modurik onena ikasten duguna gustuko ditugun gauzak egiteko erabiltzea da.
2 / ELKARREKIN EGIN
Denok gara beharrezkoak eta baliagarriak. Denok egin ditzakegu ekarpenak eta denok irakats dezakegu. Egingo diren proiektuak denon artean egingo ditugu, inor alboratu ala bakarka aritu gabe.
3 / IKASTEN IKASI
Ez dakigu dena, eta beti ez digu norbaitek jakin beharreko guztia irakatsiko. Batzuetan norberak ikasi beharko du autoikaskuntza prozesu baten bidez.
4 / ONGI PASA
Inor ez dago behartuta bertan izatera, beraz gauzarik garrantzitsuenetako bat egiten denarekin ongi pasatzea da. Horrek ez du esan nahi gogor lan egin beharko ez dugunik. Sarri lan gogorraren emaitzak ematen baitigu poztasunik handiena.
5 / ERABAKIAK DENON ARTEAN HARTU
Iritzi guztiak kontuan izango dira eta ez da inoren hitza baztertuko. Denon artean erabakiko ditugu gauzatuko ditugun proiektuak eta datozen pausuak.
6 / PARTEKATU ETA IRAKATSI
Norberak dakiguna partekatu eta ikasi duguna besteei irakatsiko diegu. Elkarlana izango da proiektuen oinarrietako bat.
7 / PROIEKTU BAKOITZERAKO BEHAR DUZUN DENBORA HARTU
Gauzak presaka eginez ez dira ongi aterako. Helburua ez da berehala bukatzea. Inork egitekorik ematen badizu jokatu iniziatibaz, horrela ez zara aspertuko!
8 / EZ DA BETI POSIBLE LEHENENGOAN DENA ONDO ATERATZEA
Gauza garrantzitsuak ez dira lehenengoan ongi ateratzen. Hartu denbora gaizki zer atera den ikusteko eta konpontzeko. Akatsak egiteko askatasuna izan.
9 / ERABILI TEKNOLOGIA GAUZAK SORTZEKO MEDIO BEZALA
Teknologia ez da helburu bat, medio bat baizik. Ikasi teknologia zertarako erabili dezakezun eta denbora eskeini diseinua eta prestakuntzari. Teknologia ez da gauzak azkarrago egiteko modu bat, pentsatzeko denbora gehiago uzten digun tresna bat baizik.
10 / GUK ESPAZIOA, ZUEK IDEIAK
“Irakaslearen egitekoa asmakuntzarako baldintzak sortzea da, jada egindako ezagutza bat eskeintzea baino gehiago”. Seymour Papert. Guk ingurunea eskeintzen dizuegu, zuek ekarri ideiak!
Larunbateroko JoLabs saioak hiru hilabeteko prozesu bilakatuko dira eta lantegi estrukturan lan egitetik, epe luzeagoko proiektuetan egingo da lan. Larunbatero lan-formatu libre batean lan egingo dugu, sormena eta ikasketa kooperatiboa garatuz.