Ricardo Martínez Murillo, Ikerkuntza Zientifikoetako Kontseilu Nagusiko neurozientzia translazionaleko saileko arduraduna, Santiago Ramón y Cajalen marrazkien inguruan arituko da, baita hark zientziaren eta giza zientzien artean ezarri diren mugak gainditzeko zuen ahalmenaren inguruan ere.
Nerbio-sistemaren ezaugarri anatomikoak, dela zelularrak dela konektibitatekoak, irudikatzeko, marrazki zientifikoak egiten zituen paperean Cajalek. Oso marrazki ederrak egin zituen, nerbio-ehunaren zenbait alde «eredu» hartuta (ebaketa histologikoak). Aurretik, erreaktibo bereziekin tindatu ziren (Golgiren teknika da ezagunena), argi-mikroskopio baten bidez behatuta, zelula-osagaiak bikain identifikatu ahal izateko.
Oraindik ere indarrean daude bere behaketak; hori dela eta, "neurozientzia modernoaren aita" esan zaio 1906ko Nobel saridunari. Bere marrazkiek zorroz irudikatzen dituzte bere behaketak, eta oso baliagarriak izan zitzaizkion bere azterlanak hedatzeko, bereziki 1899-1904an lehen aldiz argitaratu zen Gizakien eta ornodunen nerbio-sistemaren histologia lan handia.
Cajalen marrazkiak ez dira irudikapen artistikoak, errealitatearen "erretratu" bat baizik. Leonardo da Vincik zientzia eta artea konbinatu zituen Errenazimenduan, gizakien anatomiari buruzko azterlanetan. Cajalek ere zientzia eta artea konbinatu zituen garunari buruzko azterlan mikroskopikoetan, eta zehaztapen handiko marrazki zientifiko miresgarriak egin zituen, informazio zientifiko bikaina ematen dutenak.
* Saioa online ikusteko, jo ondoko helbide honetara: http://streaming.tabakalera.eu
Dokumentazioa
Ricardo Martínez Murilloren hitzaldi honetan Santiago Ramón y Cajalen marrazkiak izango ditugu hizpide.