Sans toit ni loi, Agnès Varda, Frantzia, 1985, 105’, JBAES, DCP
Sandrine Bonnaire aktorea nerabe bat zen laurogeiko hamarkadako Frantziako zinemaren bi film giltzarritan protagonistaren papera egin zuenean: Maurice Pialaten À nos amours (1983) eta gaur aurkezten duguna: Agnès Vardaren Sans toit ni loi (1985). Bi film horietako lanari esker emakumezko aktore onenaren César saria lortu zuen Bonnairek, eta Frantziako gazteriaren ikur bilakatu zen berehala.
Kasu honetan, Agnès Varda zuzendariak requiem bat aurkeztuko digu, Monaren omenezkoa: Bonnairek indar handiz hezurmamitutako nerabe bat da Mona, bere motxilarekin Nimes inguruan helmugarik gabe hara eta hona dabilena. Izenburua oso argia da: Mona librea da, Mona inkonformista da, Monak ez du loturarik nahi, ez du ez etxerik ez legerik. Baina askatasun handi horrek munstroak sortzen ditu, batik bat pertsonaia honen inguruan. «Zu ez zara existitzen», esango dio egonkortasuna eskaini dion nekazari batek, Monak ezezkoa ematen dionean. Mona ez da existitzen, baina ahaztezina da bere irudia landa-inguru hotz horren erdian. Akaso Agnès Vardak bere ibilbide guztian zehar egin duen erretratu garratzenetako bat da hau.
«Soila, arina, gehiegikeriarik gabekoa», idatzi zuen kritikari batek estreinaldiaren ondoren, filmak ikusleengan zuen eragina ikusita. Gaur egun nahitaez aipatu behar ditugu Dardenne anaiak; izan ere, Vardak eta zuzendari belgikar horiek unibertso, tonu eta protagonista berak erabiltzen dituzte: babesgabeak, izengabeak, bazterretan bizi eta irauten dutenak, existitzen ez direnak. Ez da dokumental bat, baina izan zitekeen, ideia horrekin dabil jolasean. Vardak erakutsitakoa benetan gertatu izan balitz bezala begiratzera behartuko gaitu, horrelakorik gertatzea onartu bagenu bezala. Emaitza, «betiereko» film eta interpretazio bat.
Veneziako Urrezko Lehoia lortu zuen film honek.
Agnès Varda zuzendariak requiem bat aurkeztuko digu, Monaren omenezkoa: Bonnairek indar handiz hezurmamitutako nerabe bat da Mona, bere motxilarekin Nimes inguruan helmugarik gabe hara eta hona dabilena. Izenburua oso argia da: Mona librea da, Mona inkonformista da, Monak ez du loturarik nahi, ez du ez etxerik ez legerik.