Le Concours, Claire Simon, Frantzia 2016, 119', JABES DCP.
Duela urtebete, eta ziklo berean, zuzendari ingelesaren pelikula ezagunenetako bat programatu genuen, Récreations (1992), Frantziako haur eskola bateko ordubeteko jolasorduaren erretratu partikularra. Beno, 25 urte beranduago, Claire Simonek hezkuntza ingurune baten behaketa dokumentalari ekingo dio berriro, baina oraingo honetan la Fémis Pariseko zinema eskolako sarrera azterketetan zentratuko da. Etapaz etapako froga bat balitz bezala, etorkizuneko ikasleen elkarrizketetan, azterketetan eta aurkezpenetan parte hartuko dugu; eta, aldi berean, irakasle eta hautaketa taldearen elkarrizketa, eztabaida, zalantza, duda eta ziurtasunen lekuko izango gara. Alde batean, balizko bizitza bat eta etorkizun profesional bat irudikatzen duten gazteen ilusio eta antsietate guztiak. Bestean, izen handiko eskola honek eskatzen duen bikaintasun ideala, “Guztiak dira berdinak, baina onena bakarrik sartzen da” mehatxu gisako lemak laburbiltzen duena. Eta bokazionaltasunean eta pasioetan oinarritutako irakaskuntza mota honek sor ditzakeen galdera guztiak: Zer da zinema? Zinema egiten irakatsi daiteke? Nork erabakitzen du nor sartuko den eta nor ez? Sistema hau zilegi da? Nork idazten du gazteen etorkizuna? Claire Simonek, eskola honetako irakasle izan denak, pelikula forman erantzuten du, zinemagile batek galdera hauek guztiak erantzuteko daukan erarik onena. Emaitza, berriro ere, bizitza une baten erretratu xehetasunez betea, sentsoriala eta zinematografikoa.
Carlos Muguiro, Elías Querejeta Zinema-Eskolako zuzendariak aurkeztuko du Claire Simon zuzendariaren pelikula. Parisko La Fémis zinema eskolan sartzeko hautaketa frogak ditu ardatza.