The Hitch-Hiker, Ida Lupino, AEB, 1953, 71’, JABES
Hollywood zaharrean ez da ohikoa emakumeak kameraren atzean aurkitzea. The Hitch-Hiker, emakume batek zuzendutako lehen film noir-a izanik, genero nagusiki maskulino honekiko emakume begiradari lotutako prekontzeptu guztiei aurre egiten die. Ez dago emakumerik pelikula honetan, hiru gizon besterik ez, kotxe bat eta errepidea. Road movie-en lehenengo legea apurtzen duen road movie-a da: protagonistek ezin dute erabakirik hartu, denbora guztian atzeko eserlekutik arma batekin apuntatzen dituen bilau baten agindupean baitaude. Bolantea daramate baina ez daukate kontrolik. Pertsonaiek sentitzen dutena ikusleak ere sentitzen du. Irteerarik ez daukan egoera batean itota. Lupinok, agian aktoresa gisa eginiko lanagatik ezagunagoa denak, tentsio dramatikoa bikain erabiltzen du, zoria eta krudeltasunarekin jokatuz, giza botere eta ahultasunari buruzko genero ariketa bat eginez. The Hitch-Hiker -etik asko dago ondoren sortutako Funny Games (Michael Haneke, 1997) bezalako pelikuletan aurkituko dugun joko psikologikoan. Trama ebazpenerantz doa baina bideko bihurgune bakoitzean azalduko da aukera bat eta bertan dago eserlekuari lotuta mantentzen gaituen suspentsea. Etsaiak pelikulako eszena batean jakinarazten digun gisan: “Hilko zarete. Hori horrela da. Kontua da noiz”.
Chiara Marañónek aurkeztuko du udako zinema abiatzeko hautatu duen filma.