De Jueves a Domingo, Dominga Sotomayor, Txile-Herbehereak, 2012, 94’, JB
De Jueves a Domingo-ren lehenengo planoan Lucía ikusiko dugu, 10 urteko neska, lo, bere gurasoek oporretara joateko Mazda 929 autoaren maleteroa betetzen duten bitartean. Bere aita hurbilduko zaio, ez esnatzen saiatuz, besoetan hartu eta kotxera eramateko. Pelikularen abiatzetik bertatik jabetu gara iratzartze baten lekuko izango garela. Azken planoan Lucíak arroka baten gainetik begiratuko die bere familiako hiru kideri. Bizkarra ematen digu, baina zerbait azken aldiz begiratzen ari den norbaiten begiradaren nostalgia nabaritzen dugu. Esanguratsu, ausartak eta teknikoki bikainak diren bi plano hauen artean, lau egun igaroko dira. Lau egun horietan Lucíak Txileko Santiagotik herrialdeko iparraldera egingo du bidaia, haurtzarotik nerabezarora, inozentziatik desenkantura, eta goizegi iristen diren amaieren munstroari egin beharko dio aurre, munduarekin eta bere buruarekin daukan erlazioa erabat aldatuko duen munstroari. Izenburutik hasita Dominga Sotomayor zuzendari txiletarraren lehenengo pelikula honek, Rotterdameko Tiger Award sari ospetsuaren irabazle, iniziazio erritu honen hasiera eta amaiera markatzen du. Autobiografikoa du abiapuntutzat pelikula goxo eta akatsik gabeko honek, udako oroimen bat dirudi eta izan zitekeen hori baina izan ez zenaren melankonia transmititzen du.
Dominga Sotomayor zuzendari txiletarraren lehenengo pelikula honek, Rotterdameko Tiger Award sari ospetsua irabazi zuen.