Argazkia: The Land of the Basques (Orson Welles, 1955)
Lurralde eleaniztunean bizi gara. Lurralde diglosikoan. Beren jatorrizko lurraldetik kanpo hamaika tokitan hitz egiten diren hizkuntzen lurraldean, beren jatorrizko lurraldean debekatu izan duten eta ozta eutsi dion hizkuntzaren lurraldean. Hizkuntza horrek eutsi dio, baina, eta jendea ari da hizkuntza horretan; idazten, adibidez. Jatorrizko lurraldetik kanpokoek irakurtzea bada gero idazlearen ibilbidean pauso bat, eta akaso idazle eleaniztun (gutxienez elebidun) hauek errazagoa dute inori enkargatu baino beraiek itzultzea beren lanak.
Labur esateko: gertatu egiten denez, aztertu beharrekoa da euskaraz idazten duten autoreen auto-itzulpen praktika. Orain dela hamarkada parea arte, idazle nabarmen batzuen lanak baino ez ziren iristen beste hizkuntzetara, baina hainbat aldaketa direla medio (euskal literaturaren sistema gutxi-asko egonkortzea, euskarazko liburuak atzerrian zabaltzeko diru-laguntzak, EIZIE itzultzaile elkartearen jarduna, Etxepare Euskal Institutuaren sorrera eta egitasmoak), gero eta idazle gehiago ari dira bide hori egiten.
Mintegi honen asmoa da hori guztia aztertzea. Horretarako, sarrera-saio bat egingo dugu, apur bat teorikoagoa, eta bertan, euskal literaturatik egin diren auto-itzulpenei buruzko testuinguru orokorra azalduko digute hori aztertzen ari diren bi ikerlarik: Garazi Arrulak eta Elizabete Manterolak. Gero, bi saio praktiko egingo ditugu, eta beren obrak gaztelaniara itzuli dituzten bi autoreren lanera hurbilduko gara: Eider Rodriguezen eta Ixiar Rozasen lanera, hain zuzen.
PROGRAMA
Irailak 14
Sarrera eta testuingurua
Garazi Arrula eta Elizabete Manterola hizlariek euskaratik egiten den auto-itzulpenaren nondik norakoak azalduko dizkigute eta beren ikerketen berri ere emango digute.
Irailak 15
Kasu praktiko bati begira (Eider Rodriguez)
Eider Rodriguezek hiru ipuin-liburu argitaratu ditu: Eta handik gutxira gaur; Haragia eta Katu Jendea. Hirurak itzuli ditu gaztelaniara autoreak: Y poco después ahora, Carne eta Un montón de gatos; lehenengo biak berak bakarrik eta hirugarrena Zigor Garrorekin elkarlanean. Horrez gainera, "Katu Jendea" ipuina lau hizkuntzara itzuli zuten Idazlea Itzultzailearen Mintegian egitasmoaren barruan (gaztelania, frantsesa, nederlandera, alemana), eta Etxepare Institutuak argitaratu zuen 2012an. Bestalde, 2013an, ipuinen antologia bat argitaratu zuen Rodriguezek gaztelaniaz, Ortigas. Una antología de relatos, eta bera aritu zen itzultzaile.
Rodriguezen auto-itzulpen ekoizpena aztertuko dugu saio praktiko honetan. Arreta berezia eskainiko diogu, besteak beste, “Katu jendea” ipuinari, Hendaian kokatua baitago eta hizkuntzaren eta narrazioaren bidez islatzen baita muga-izaera hori.
Gidaria: Danele Sarriugarte
Mintegiko saioa amaitzean, 13:00ean, Eider Rodriguezekin solasaldi publikoa egingo da Z aretoan.
Irailak 16
Kasu praktiko bati begira (Ixiar Rozas)
Ixiar Rozasek, euskarazko literaturaren alorrean, sei lan argitaratu ditu: Patio bat bi itsasoen artean (poesia); Sartu, korrontea dabil (narrazioak); Edo zu edo ni eta Negutegia (nobela); Gau bakar bat (antzerkia); eta Beltzuria (saiakera). Horietako lau itzuli ditu berak gaztelaniara: Luego les separa la noche; Una sola noche; Invernario eta Beltzuria. Azkena, Jose Luis Padronekin elkarlanean eraman du gaztelaniara.
Rozasen auto-itzulpen ekoizpena aztertuko dugu saio praktiko honetan. Arreta berezia eskainiko diogu, besteak beste, Beltzuria liburuaren itzulpenari, oraintxe atera delako, kolaborazioan egindako lana delako, eta mugako lurraldean kokatzen delako liburuaren mamia, Etxalarren.
Gidaria: Danele Sarriugarte
19:00etan, Ixiar Rozasekin solasaldi publikoa egingo da Z aretoan.
Danele Sarriugartek zuzenduko duen eta Eider Rodriguez eta Ixiar Rozas idazleen parte-hartzea izango duen mintegi honen helburua auto-itzulpenaren fenomenoa aztertzea da, bizi garen lurralde eleaniztun eta diglosiko honetan.