Las cinéphilas, María Álvarez, Argentina, 2017, 70’
Film hau opari bat da, eta horregatik nahi dugu egun hauetan eman, gure ikusleei omenaldia egiteko, zinema-aretoetako gure zinemazaleei omenaldia egiteko.
Tabakaleran urtea hasi eta itxiko duten pelikulez pentsatzea gustatzen zaigu beti. Keinu eta hautaketa horrek garbi erakusten du zer esan nahi dugun programatzaile gisa. Eta kasu honetan oso argi genuen. Aurten jaialdietan ikusi ditugun ehunka filmetatik zein iruditzen zaigu bereziena gure ikusleei oparitzeko? Erantzuna pelikula hauxe da, María Álvarez zuzendari argentinarraren aurreneko dokumental luzea.
Nolatan ez die inork honelako omenaldirik egin inoiz munduko zinema-ikusleei? Zenbatetan galdetu diogu geure buruari nolakoa ote den zinema-aretoetara joan ohi diren horien bizimodua? Nortzuk diren, non bizi diren, nolako bizimoduak izan zituzten, zer egiten duten saioen aurretik eta ondoren, zer ikusi nahi izaten duten aretoetan eta zer aurkitzen duten pantailan, behin eta berriro itzultzeko.
Filmeko zinemazaleak Estela, Paloma, Norma, Chelo, Lucía eta Leopoldina dira, arratsaldero zinemara joaten diren Argentinako, Espainiako eta Uruguayko emakume erretiratuak. Eta zinemara joate horrek bizitzari buruzko tratatu bat gordetzen du, zinemari buruzkoa, fikzioari buruzkoa, denboraren joanari buruzkoa, ametsei buruzkoa, iraganari buruzkoa, etorkizunari buruzkoa eta memoriari buruzkoa.
Ikusleen saria irabazi zuen Buenos Airesko Zinema Independentearen Bafici Jailadian, eta ikusleen saria lortu zuen, halaber, Ourenseko OUFF Zinema Jaialdian. Hunkitzeko eta amaieran txalo zaparrada jotzeko film horietako bat, inondik ere.
Film hau opari bat da, eta horregatik nahi dugu egun hauetan eman, gure ikusleei omenaldia egiteko, zinema-aretoetako gure zinemazaleei omenaldia egiteko.