Ez da lan makala familian proiektuak egitea. Haurrengan fokua jarri eta haurren interesetatik abitatuz, familia osoak elkarrekin zerbait sortzea lan zaila izan daiteke, batez ere denbora edo leku egokirik ez dugunean. Erronka honi heldu asmoz ekingo diogu Do It in Familyren laugarren edizioari.
Egizu Zuk Zeuk (DIY) eta Egizu Gainerakoekin (DIWO) filosofietan oinarritzen da Egizu Familian (DIF). Laborategiko dinamikak eta bertan darabilkigun lan-prozesuak jarraituz, larunbat goizetan gure etxeko garajean egin ezin duguna gauzatzeko testuingurua sortuko dugu. Aurreko edizioetan bezala haur zein helduen rol eta lan banaketei jarriko diegu arreta, eta elkarrekin egiteak sortzen dituen gatazkei irtenbidea bilatuko dizkiegu.
Proiektuak garatzeko orduan beste bi puntu garrantzitsu autoikaskuntza eta autonomia izan ohi dira. Familiartean lan egingo dugu, baina baita familien artean, lankidetza sustatuz. Izan ere, prozesuak arrakasta izatea nahi baldin badugu errespetua, pazientzia eta elkarkidetza ezinbesteko osagaiak dira.
Hau guztiari teknologia, diseinua eta imajinazioa gehituz gero, familiartean igarotzeko aukera ezin hobea bilakatuko dira larunbat goizak.
Prozesu jarraia izango da, beraz, proiektu batzuk martxa hartzen duten neurrian familia eta proiektu berriak gehituko dira. Itxaron zerrenda bat sortuko da izen ematean, eta familia batzuk etortzeari utzi edo taldea nahikoa autonomo bilakatzen denean taldekide berriak gehituko dira.
1 / EGINEZ IKASI
Ikasteko modurik onena ikasten duguna gustuko ditugun gauzak egiteko erabiltzea da.
2 / ELKARREKIN EGIN
Denok gara beharrezkoak eta baliagarriak. Denok egin ditzakegu ekarpenak eta denok irakats dezakegu. Egingo diren proiektuak denon artean egingo ditugu, inor alboratu ala bakarka aritu gabe.
3 / IKASTEN IKASI
Ez dakigu dena, eta beti ez digu norbaitek jakin beharreko guztia irakatsiko. Batzuetan norberak ikasi beharko du autoikaskuntza prozesu baten bidez.
4 / ONGI PASA
Inor ez dago behartuta bertan izatera, beraz gauzarik garrantzitsuenetako bat egiten denarekin ongi pasatzea da. Horrek ez du esan nahi gogor lan egin beharko ez dugunik. Sarri lan gogorraren emaitzak ematen baitigu poztasunik handiena.
5 / ERABAKIAK DENON ARTEAN HARTU
Iritzi guztiak kontuan izango dira eta ez da inoren hitza baztertuko. Denon artean erabakiko ditugu gauzatuko ditugun proiektuak eta datozen pausuak.
6 / PARTEKATU ETA IRAKATSI
Norberak dakiguna partekatu eta ikasi duguna besteei irakatsiko diegu. Elkarlana izango da proiektuen oinarrietako bat.
7 / PROIEKTU BAKOITZERAKO BEHAR DUZUN DENBORA HARTU
Gauzak presaka eginez ez dira ongi aterako. Helburua ez da berehala bukatzea. Inork egitekorik ematen badizu jokatu iniziatibaz, horrela ez zara aspertuko!
8 / EZ DA BETI POSIBLE LEHENENGOAN DENA ONDO ATERATZEA
Gauza garrantzitsuak ez dira lehenengoan ongi ateratzen. Hartu denbora gaizki zer atera den ikusteko eta konpontzeko. Akatsak egiteko askatasuna izan.
9 / ERABILI TEKNOLOGIA GAUZAK SORTZEKO MEDIO BEZALA
Teknologia ez da helburu bat, medio bat baizik. Ikasi teknologia zertarako erabili dezakezun eta denbora eskeini diseinua eta prestakuntzari. Teknologia ez da gauzak azkarrago egiteko modu bat, pentsatzeko denbora gehiago uzten digun tresna bat baizik.
10 / GUK ESPAZIOA, ZUEK IDEIAK
“Irakaslearen egitekoa asmakuntzarako baldintzak sortzea da, jada egindako ezagutza bat eskeintzea baino gehiago”. Seymour Papert. Guk ingurunea eskeintzen dizuegu, zuek ekarri ideiak!
Egizu Zuk Zeuk (DIY) eta Egizu Gainerakoekin (DIWO) filosofietan oinarrituz, eta Egizu Familian (DIF) formatoa sortu dugu. Autoikaskuntza eta ikasketa kooperatiboa landuko ditugu, denon artean, bakoitzak dakiguna irakatsiz, gai desberdinak ikasi eta esperimentatuko ditugu.