La libertad del diablo, Everardo González, Mexiko, 2017, 74' DCP JB
Film hau ahaztu ezin diren horietako bat da, eta hain du eragin bisual eta narratibo handia, ezen amesgaizto bat ematen baitu. Baina film honetako guztia erreala da, eta horregatik dira, hain zuzen ere, bere irudi eta lekukotzak hain indartsuak eta horregatik da hain dokumentu garrantzitsua. Lehen sinopsi gisa, esan genezake Mexikoko indarkeriaren fenomenoa aztertzen duen dokumental bat dela. Pentsa genezake beste bat dela askoren artean, gai hori bera jorratzen duten milaka pelikula baitaude. Baina ez; hau ez da beste edozein film bezalakoa. Film hau bakarra da.
Azken urteotan, narkoen, paramilitarren eta krimen antolatuaren arteko gerrak 100.000 hildako baino gehiago eragin ditu. Zeharkako biktimak ia milioi erdi dira: seme-alabak, emazteak, gurasoak, lagunak, aitona-amonak, irakasleak, ikasleak… Zer gertatzen da bizirik atera direnen buruetan, gorputzetan, ahotsetan eta ametsetan? Horixe da dokumental psikologiko honek egiten duen galdera.
Lekukoak agertzen dira: gerra horretako biktimek eta kaltegileek kamerari hitz egiten diote, eta gogoratzen eta kontatzen dute –iraganean eta orainaldian- nola beren barnean dena aldatu den. Nola gorputza eta burua aldatu egin zaien. Emaitza izuaren eta gizatasunaren kronika bat da, muturreko indarkeria eguneroko kontu bihurtu den herrialde bateko kronika. Baina bada beste zerbait sinopsian deskubritu ezingo duguna eta zinema-aretoetan bizi behar dena: lekukotza horiek nola erregistratzen diren. Hor dago amesgaiztoa. Hor dago film honetako elementu ahaztezina. Norbait gure buruan beldurra bizi den leku ezkutu horretara sartu izan balitz bezala eta barru-barrutik, hezur eta azaletatik erretratatu izan bagintu bezala.
Amnistia Internazionala Saria Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdian, 2017.
Mexikoko filmik onena Guadalajarako Nazioarteko Jaialdian (Mexiko), 2017.
Dokumental, dokumental-argazki eta musikarik onena Fénix Sarietan, 2017.
Film hau ahaztu ezin diren horietako bat da, eta hain du eragin bisual eta narratibo handia, ezen amesgaizto bat ematen baitu.