Sehnsucht, Valeska Grisebach, Alemania, 2005, 88' DCP JBAES
“Nostalgia” da film honen izenburuaren itzulpena, zuzendariaren bigarren obra. Iraganaren nostalgia, bizitza on batena, gauzak ondo zihoazen garaiarena, oraindik ezer hautsi ez zen garaiarena?, galdetu genezake.
Markus eta Ella berrehun biztanleko paradisu txiki batean bizi dira, Berlin ondoan. Seme bat dute, eta zoriontsu dira beren bizitza xumean eta etorkizuneko planak eginez. Ella etxekoandrea da, eta parrokiako abesbatzan abesten du. Markusek metalurgia-enpresa batean lan egiten du, eta aisialdian suhiltzaile boluntario gisa aritzen da. Bizitzak aurrera egiten du, bizitza da, bizitza da… (esango luke Rafael Berrio abeslariak). Bizitza da bizi garen bitartean gertatzen zaiguna: gau batean, Markus suhiltzaile lankideei egindako afari-omenaldi batera joaten da. Afarian, edan, abestu eta dantzatu egiten dute, eta edaten jarraitu. Biharamunean, dena aldatu da betiko (esango luke Miren Iza Tulsako abeslariak). Izenburura itzultzen garenean berreskuratzen dugu Cioranek ematen zuen nostalgia-ren definizioa: “Beste leku batean egotearen obsesioa da, istantaren ezinezkotasuna”.
Horixe da Marcus eta Ellaren istorio tragikoa: kontatua, kantatua, iradokia, erakutsia. Valeska Grisebach-ek besteak beste Kelly Reichardt eta Claire Denis zinemagileen tradizioari jarraitzen dio: xehetasunez eraikitzen ditu beren pertsonaien elipsia, orbainak, zalantzak eta desio askaezina.
Film onena eta FIPRESCI saria Gijoneko Zinema Jaialdian, 2006.
“Nostalgia” da film honen izenburuaren itzulpena, zuzendariaren bigarren obra. Iraganaren nostalgia, bizitza on batena, gauzak ondo zihoazen garaiarena, oraindik ezer hautsi ez zen garaiarena?, galdetu genezake.