The Green Fog, Guy Maddin, Evan Johnson eta Galen Johnson, AEB, 2017, 63' DCP JBAES
San Frantzisko hiriari eginiko argazki-omenaldi bat da, hiri horretan filmatutako filmen ehunka zati editatuz eginikoa: bai film ezagunenak bai eta B seriekoenak ere.
Alfred Hitchcocken Vértigo (1958) filmarekin hasten da dena. Maisulan irreal horretako behe-laino berdeak hartzen du pantaila, eta amaitzen ez direla diruditen irudi zaparrada bat hasten da: zinemaren historiaren omenaldi aparta, kanonikotik hasi eta pop hutserainokoa (adi Justin Timberlake eta Chuck Norrisen agerpen barregarriei). Beste film batzuetako zatiekin eraikitako muntaketa-film horietako bat da emaitza (hau da, “Found Footage” bat). Duela hilabete batzuk, genero honetako beste klasiko bat programatu genuen gure zineman: Los Ángeles PlaysItself (2004), Thom Andersen zinemagile estatubatuarrarena. Orain, Hollywoodeko etorbide eta palmondoen ordez, San Frantziskoko badia berde eta gorria ditugu. Hau zinemazaleen fantasia da bete-betean, barrez lehertzeko komedia, errimen eta loturen filma, ikuslea erakarri eta ihes egiten uzten ez dion zaparrada bisuala. Zuzendariek filmaren aurkezpenean esaten duten moduan: “Eser zaitez, eta utzi emultsioei, pixelei eta zinemazaleen taxidermiaren hautsari begiak estaltzen!”.
San Frantzisko hiriari eginiko argazki-omenaldi bat da, hiri horretan filmatutako filmen ehunka zati editatuz eginikoa: bai film ezagunenak bai eta B seriekoenak ere.