Esperimentu bezala hasi zen Do it In Family eta dagoeneko bosgarren edizioari ekingo diogu. Guraso eta seme-alaben artean interesatzen zaizkien proiektuak irudikatu eta garatzeko programa da, kultura digitala eta teknologia laborategiaren ezaugarriez baliatuz.
Hiru hilabetez, larunbatero, familiak elkarnalean aritzeko txokoa bilakatu ohi da Hirikilabs. Hainbat teknologia eta tresna erabiltzen ikasteko aukera, diseinua eta sormena lantzeko bidea, eta batez ere familian eta familien artean elkarrekin proiektu bat aurrera eramateko erronka.
Zein motako proiektuak izan daitezke? Jostailuak, jantziak, diseinu elementuak, bideojokoak, robotak ala asmakuntza txoroak. Bakoitzaren gogo, kuriositate eta ahalmenen araberakoak, beti ere protagonistak haurrak direla ahaztu gabe.
Proiektu bakoitza garatzeko hainbat gauza ikasi beharko dituzte parte hartzaileek: ordenagailu bidezko diseinua, egurra lantzea, mekanika, joskintza ala programazioa. Baina garrantzitsuena zera da: guraso zein haurren parte-hartzea eta elkarrekin lan eginez ondo pasatzea.
Egizu Zuk Zeuk (DIY) eta Egizu Gainerakoekin (DIWO) filosofietan oinarrituz, eta Egizu Familian (DIF) formatoa sortu dugu. Autoikaskuntza eta ikasketa kooperatiboa landuko ditugu, denon artean, bakoitzak dakiguna irakatsiz, gai desberdinak ikasi eta esperimentatuko ditugu.