Nork bere heroia definitzeko eta marrazteko bilduko gara lantegi honetan. Ekar ezazu zure gela Ubikera eta nortasuna, identitatea, estereotipoak eta beste zenbait gai marrazkiaren bitartez landuko ditugu gure heroiak egiten ditugun bitartean.
Zeren, nolakoak dira besteen heroiak? Nolakoak dira gaurko heroi ezagunak? Zein ezaugarri dituzte, nolako izaera? Pertsonaia ezagun batzuei errepasoa emango diegu, eta horren arabera ideiak hartu, bakoitzak buruan lukeena gorpuztu ahal izateko. Adibidez Shinchan heroi handia da askorentzat. Zein du ezaugarri nagusia? Inor baino lotsagabeagoa dela. Nola gorpuzten du lotsagabekeria hori? Ipurdia erakutsiz. Horra hor identifikazio inportante bat, hitza lagungarri ez dugunerako. Topiko, estereotipo eta sinbologiaren garrantziaz mintzatuko gara galderak eginez eta denen artean erantzuten saiatuz.
Sortu nahi genukeen pertsonaiak izaera jakin bat erakutsi behar du paperera eramaten dugunean. Gure tailerrean ez zaigu sobera axolako ongi marraztuta ote dagoen, marrazkiak behin eta berriz eginez perfekzionatzen baitira, eta hori norberak egingo du gero, etxean. Axola zaiguna bakoitzak bertan egingo duen zirriborroaren indarra da. Sortu dugun pertsonaiak zer transmititzen duen eta zein testuingurutan jarriko dugun, non egingo den nabarmena bere nolakotasuna.
Nola egingo dugun lan? Lehen unetik beretik, arkatza eta papera eskuetan izango ditugu. Parte-hartzaileak nahi duenean ekingo dio lanari, bere modura bereganatuko du informazioa, azken minutuetan lanak ikusgai jarriko ditugularik.
Nork bere heroia definitzeko eta marrazteko bilduko gara Garbiñe Ubedak eskainitako lantegi honetan.