* Jarraitu zuzenean streaming bidez HEMEN
Nork eta nola erabakitzen du gauzen existentzia, hau da, zer esan nahi duten eta zenbateko garrantzia duten? Nola ezartzen da gauzekin dugun harremanaren eta gure artean dugunaren zentzua? Badakigu mota guztietako kapital eta botereen asmoa dela gure arreta bereganatzea eta gure pertzepzioa nolabait orientatzea, honako hauetan oinarritutako harreman-sistema bat lortzeko: interesa, mesfidantza, kontsumoa, gauza guztien eta gu guztion esplotazioa… Eta denok gaude, gehiago edo gutxiago, sistema horretan harrapatuta.
Alabaina, sorkuntza artistikoak –keinuen, formen eta zentzumenen laborategia, non dena eta denok baikaude jokoan– aukera ematen digu plan hori azpikoz gora jartzeko. Arteak galdera horiei erantzun demokratikoa ematea ahalbidetzen digu, berezko duen anbiguotasunagatik, bere produktibitate-ezagatik eta doakoa delako, baita artea esperimentatzen duena sortzailea bera bezain artista izan daitekeelako ere. Dena den, horretarako, ez dugu saiatu behar arteak sortzen digun antsietatea arintzen, askotariko adituek emandako esanahi edo azalpenez baliatuz. Hain zuzen, sorkuntza artistikoak behatzeko ez da jakituria handirik behar, baizik eta sentikortasuna izan eta gauza ezezagun eta arrotzen aurrean jartzeko prest egotea. Alde batera utzi behar dira aurreiritziak eta begitazio kritikoak, eta eskuzabaltasuna eta konplizitatea agertu. Hau da, prest egon behar dugu memoriaren, desiraren eta irudimenaren begi guztiekin esperimentatzeko; izan ere, garrantzitsuena ez da sorkuntza artistikoaren bidez edo horri buruz esaten duguna, baizik eta sorkuntzak geure buruari eta munduari buruz guri esaten diguna.
Ildo horretan, artearen pertzepzioa eta esperientzia ere sorkuntza mota bat badira, ba al dago modurik arretari berari forma emateko, obra bat balitz bezala, gero partekatu ahal izateko? Ez da erraza, eta ahalegin bat egitea eskatzen du, baina gaur egun premia handikoa da forma kolektiboa ematea esperientzia emantzipatu eta emantzipatzaile horri, zeinak aukera emango baitigu –entzute eskuzabalaren, hurbileko elkarrizketen eta isolamendua eta itxialdi indibidualista eragingo ez dituen arreta sakonaren bitartez– beste era bateko gauzak, mundua eta izaerak irudikatzeko, baita ekintzarako indarrak biltzeko ere
Nork eta nola erabakitzen du gauzen existentzia, hau da, zer esan nahi duten eta zenbateko garrantzia duten? Nola ezartzen da gauzekin dugun harremanaren eta gure artean dugunaren zentzua?