Texto Destacado

Zinema jaio zen lekura itzultzea garai guztietako zinemarik onena berreskuratuz aktualitatea bizitzeko.

Multimedia
Imagen
Pasada?
Si
Descripción Larga

Bere burua erregeneratzen duen zinema

Lumière emanaldien bigarren edizioak, Euskadiko Filmategiarekin eta Zinemaldiarekin elkarlanean, azken gertakizunekin konektatzen du udazkenero Lyongo Lumière Zinemaldiak eskaintzen duen zinemarenganako maitasunezko irakinaldi horretan, eta hamar film eskainiko ditu, Lumière Institutuaren zaharberritze eta birzabalkunde lanaren adierazgarri direnak. Zinemaren historiako une handi batzuei so egoteko beste aukera berezia hauxe, baldintzarik onenetan eta jatorrizko obrarenganako errespeturik handienarekin, Lumière anaiek orain dela mende eta laurden piztu zuten faro agortezinarekin betiere.

Historiak jarraitzen du: baldin eta Lumière Zinemaldiaren azken edizioan zinema mutuaren berreskuratzeen indargunea orain artean ezezaguna zen maisulan handi bat aurkitzea izan bazen— Gauean (Dans la nuit, Charles Vanel, 1929)—, film horretaz, Donostiako Zinemaldian aurreestreinatu zen bezalaxe, gozatzeko beste aukera bat eskainiko du Lumière Emanaldien bigarren denboraldi honek, Joserra Senperenak filmarentzat bereziki sortutako musika paregabearekin, zeinak zuzenean
joko baitu pianoa Bilboko eta Donostiako proiekzioetan.


Pianoa izango da protagonista zinema mutuaren beste berreskuratze garrantzitsu batean, Cineteca di Bolognak Hiru garaiak (Three Ages, Buster Keaton, Eddie Cline, 1924) filma zaharberritu baitu, eta lehenengo aldiz ikus baitaiteke, gorde diren material guztiekin eta baldintzarik onenetan eginiko zaharberritze zehatz baten ondorioz. Joserra Senperenak zuzenean joko du hots-banda Donostian, eta Josetxo Fernández de Ortegak, berriz, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean.

Lumière Instituaren lan-lerro garrantzitsuenetako bat da bere garaian zinemagile gisa bere burua adierazteko bide zaila izan zuten emakumeen lanari ikusgarritasuna ematea, gaur egun bere dimentsio osoan aintzat har daitekeen obra bat utzi baitzuten, zailtasunak zailtasun. Baldin eta iaz Ida Lupino izan bazen, oraingoan Pechos eternos (Chibusa yo eien nare, 1955) izango da, Kinuyo Tanaka japoniar filmegileak 50eko hamarkadan egin zuen filmerik onenetako bat.

Urte horretan bertan, 1955ean, beste bi film estreinatu ziren, zinemak une hartan askotariko zinematografiatan eskaintzen zuen sormen ikaragarriaren perspektiba agerrarazteko aukera ematen dutenak. La palabra (Ordet, Carl Th. Dreyer, 1955) film daniarra zinemaren historiako filmik onenetako eta eragin handienetako baten gisara aitortua izan da, eta, horrez gainera, haren irudien araztasunak zuri-beltzeko zinemaren adierazpenik gorena iristen du, Dans la nuit filmak zinema mutuaren adierazpen-formak nolabait itxi zituen bezala. Genero zinematografikoen produkzio-moduen eta generoen beste muturrean, zinema herrikoiago bat dugu, baina eskakizun artistiko berarekin, non Gilles Grangier frantsesak gehien-gehienera estilizatzen baitzuen ‘noir’ drama, Jean Gabin generoaren ikono handi zuela protagonistatzat Gasolioa (Gas-oil, 1955) filmean: zuri-beltzaren poetika, klase herrikoiak eta kale hizkera.

Gilles Grangierek filmografia zabala du, genero askotarikoa eta aberastasun formal eta abenturazale handikoa, behar bezain aintzat hartua sekula izan ez den arren, eta huraxe da, hain zuzen, Lumière Institutua azken urteotan berraurkitzen saiatu izan den filmegileetako bat frantses zinemako garairik emankorrenetako batean sakontzeko, maisu beti aitortuetatik harago. André Cayatte bezala, filmegile hau publiko zabalarekin konektatzeko gai ere izan baitzen, konpromiso sozialerako eta herritarren dilema moralenganako kezka handiarekin. Cayatteren filmik adierazgarrienetako bat proiektatuko da ziklo honetan: Justicia cumplida (Justice est faite, 1950).

Iaz berreskuratu zen, azkenik, urtetan ezkutatuta eta baztertuta egon den frantses zinemako beste izen funtsezko baten obra, Jean Eustacherena, alegia, zeina XXI. mende honetan autore-zineman kemen berriz garatuz doazen forma zinematografikoen benetako aurreratua izan baitzen. Baldin eta haren obra gorena, La maman et la putain (1973) inspiraziotzat aitortu izan badu ere gaur egungo filmegile askok, Mis pequeños amores (Mes petites amoureuses, 1974) film orobat liluragarria baina ez hain zabalduari esker, antzekotasun nabarmenak egiaztatu ahal izango dira orain bertako zuzendari batzuek gazteriari begiratzeko dioten moduarekin.

Lotura gehiago: Lumière Institutuak 70eko hamarkadan, hala Estatu Batuetan nola Europan, zinemaren bidea aldarazi zuten eta gaur egundainoko zinema garaikidearen oinarriak jarri zituzten zuzendariekin duen harreman estuak bere isla izango du Wim Wendersen figurarengan: baldin eta iaz Alicia en las ciudades (Alice in den Städten, 1974) proiektatu bazen, orain, une giltzarri horren osagarri, beraren bidea baldintzatu eta beste askorengan hain eragin handia izan zuen zinemagile aleman horren beste filma proiektatuko da: En el curso del tiempo (Im Lauf der Zeit, 1976). Bestalde, garai hura bereko estatubatuar ezinbesteko filmegileetatik biren oinarrizko obra bana proiektatuko da. Martin Scorseseren Toro salvaje (Raging Bull, 1980) maisulana 4kn zaharberritua, eta Francis Ford Coppolaren Apocalypse Now, Final Cut (Apocalypse Now. Final Cut, 1979-2019), zeina baita bere egilearen eskuetan organismo bizi bat den horren azken muntaketa, eta zeinak, gerraren aurkakotasun gordinaren bitartez, gerra eta eromen garai berri eta tristeen aipua egiten jarraitzen baitu. Zinema, berriz ere eta beti, bizi dugun munduaren irakurketa agortezin gisa, unibertsalki argitzen gaituena, intimitatean eta gizartean.

Ricardo Aldarondo

Imagen Listado
Imagen
Año
2023
Tipo Agrupación
Proyecto
Información Adicional