Esan daiteke Hansen-Løve zinema argitsua egiten duela.
Mia Hansen-Løvek 16 urte zituenean, haren mutil-lagunak utzi egin zuen munduan zehar ibiltzeko. Hirugarren filmean, Un amour de jeunesse (2011), kontatzen duen bezala, lur jota geratu zen. Doluari aurre egin ahal izateko, ilea moztea erabaki zuen. Garai hartan, Mia Hansen-Løve antzerki talde batean ari zen eta film batean parte hartzeko casting bat antolatu zuten. Hansen-Løvek dio bere ustez erabakigarria izan zela ilea hain motz izatea hautatua izateko. Huraxe izan zen filmaketa batean egon zen lehen aldia. Horren gain, hori izan zen Hansen-Løve zinemarekin harremanetan jarri zen aurreneko aldia, eta berak dio, nahiz eta nolabait gehiegizkoa iruditu, zinemak salbatu egin zuela.
26 urte besterik ez zuela, bere lehenengo filma idatzi eta zuzendu zuen: Tout est pardonné (2007). Canneseko Quinzaine des réalisateurs topaketan estreinatu zen, eta nazioarteko aintzatespena jaso zuen. Lehenengo film luze horretan, ordurako antzematen ziren zuzendariaren zinemaren zenbait ezaugarri, besteak beste, film guztien abiapuntua bere bizitza, inguratzen duen jendea eta bere esperientziak izatea. Bere lehenengo film luzean, adibidez, bere osaba bat izen zen inspirazio-iturri. Osaba hark berriz egin zuen topo alabarekin urte luzez ikusi gabe egon ondoren eta handik gutxira hil egin zen. Bigarren filmak, Le père de mes enfants (2009), bi abiapuntu dituela esan genezake. Batetik, Humbert Balsan produktorearen bizitza, zeina funtsezkoa izan zen zuzendariak bere lehenengo film luzea egiteko. Gerora, bere buruaz beste egin zuen produktoreak. Bestetik, Hansen-Løveren beraren bizitza. Haren aitaren aldetiko aitona danimarkarra zen (hortik datorkio zinemagileari abizena) eta hark ere bere buruaz beste egin zuen.
Mia Hansen-Løveren filmografiaren beste ezaugarrietako bat da film guztiak analogikoan filmatzen dituela (Eden - 2014 – izan ezik). Berak dio produktoreekin gatazka izaten duela beti; izan ere, film bat filmikoan egiteak zaildu egiten du prozesua eta handitu egiten du aurrekontua. Hala ere, beretzat funtsezko elementua da zinema egitean. Azken filmean ere, Un beau matin (2022), dena ahalik eta edertasun handienarekin jaso nahi du, eta hori, zalantzarik gabe, zinema analogikoak ematen duen zerbait da, nahiz eta filmatutako lokalizazioak ez diren bereziki ederrak, zaharren egoitzak adibidez, edo, agian horrexegatik.
Musika ere aipatu beharko litzateke. Kasu honetan, bere jardueraren ezaugarri nagusia da inoiz ez dutela jatorrizko soinu-bandarik konposatu bere filmetarako. Zuzendariak nahiago du modu independentean konposatutako abestiak hautatu. Berak dio, hala, sentsazioa duela abestiak berak bere istorio guztia ematen diola filmari eta horrela konposatutako soinu-banda batek bere sorkuntzetan beste geruza bat gehiago egoteko aukera ematen diola.
Azkenik, argia da, inolako zalantzarik gabe, Mia Hansen-Løveren film guztiak lotzen dituen elementua.
Esan daiteke Hansen-Løve zinema argitsua egiten duela. Bere film luzeen gaia ez da erraza izaten: baliteke desamodioa, engainua, gaixotasuna, heriotza edo suizidioa izatea. Azken batean, bizitzarekin berarekin zerikusia duten egoerak izaten dira. Bere arazo eta gordintasun guztiekin. Hala ere, Mia Hansen-Løvek, bere zinemaren bidez, argirantz eramaten gaitu. Non sortzen den keinu ia magikoa balitz bezala: Idazketan? Eszenaratzean? Aktoreak zuzentzean? Muntatzean? Abuztuaren 23an, Mia Hansen-Løvek Tabakaleran bisitatuko gaitu, eta hori nola lortzen duen galdetzeko aukera izango dugu. Nola lortzen duen gu argirantz eramatea.
PROGRAMAZIOA
Uztailak 8, larunbata, 19:00
Le père de mes enfants, Mia Hansen-Løve, Frantzia, 2009, 110’
Uztailak 15, larunbata, 19:00
Un amour de jeunesse, Mia Hansen-Løve, Frantzia, 2011, 110’
Uztailak 22, larunbata, 19:00
Eden, Mia Hansen-Løve, 2014, Frantzia, 131’
Uztailak 29, larunbata, 19:00
L’Avenir, Mia Hansen-Løve, Frantzia, 2016, 102’
Abuztuak 5, larunbata, 19:00
Maya, Mia Hansen-Løve, Frantzia, 2018, 107’
Abuztuak 12, larunbata, 19:00
Un pur esprit, Mia Hansen-Løve, Frantzia, 2004, 3’
Tout est pardonné, Mia Hansen-Løve, Frantzia, 2007, 105’
Abuztuak 19, larunbata, 19:00
Bergman Island, Mia Hansen-Løve, Frantzia, 2021, 112’
Abuztuak 23, asteazkena, 19:00
KONTATUTAKO ZINEMA : Mia Hansen-Løve
Abuztuak 26, larunbata, 19:00
Un beau matin, Mia Hansen-Løve, Frantzia, 2022, 112’