Chicks on Speeden musikak performancea du oinarri. Ez da harritzekoa; izan ere, Municheko Arte Ederren Akademian ikasketak egiten ari zirela, jatorrian performancearen kolektibo artistiko zabalago gisa elkartu ziren. Nazioarteko talde honek politikako eta teoria artistikoko mezuak zabaltzen ditu erritmo errepikakor eta elektronika itsaskorrarekin eta intentsitate poetikoarekin. Noisea lantzen dute eta elektro popean ere sartzen dira, betiere abangoardiako izaerari eutsiz. Taldeak dance-abesti arrakastatsuenen zerrendak konkistatu ditu We Don 't Play Guitars, Fashion Rules! eta Good Weather Girl abestiekin. Denak ere kultuzko hitak izan dira Espainiako, Alemaniako, Japoniako eta Australiako dance-zerrendetan. Chicks on Speed Fluxusen, DADAren eta KLFren nahasketa bat dira musika ukitu batekin. Parodia eta moda erabiltzen dituzte eta, bien bitartean, Karl Lagerfeld, Douglas Gordon, ORLAN eta bestelako artista kolaboratzaile askorekin lan egiten dute. Beren musika estilo ameslaria osatzeko, CoS-ek neurrira egindako soinu-eskulturak eta «Objektinstruments» esaten dioten teknologia eramangarria asmatu du. Taldearen kolaborazioak eta bakarkako lanak testuinguru eta leku ugaritan aurkeztu dira nazioartean, hala nola museo handietan, izen handiko artistekin egindako rock-and-roll biretan eta mundu osoko moda aldizkarietan.