Noka Ekoizpena Euskadin, Nafarroan edo Iparraldean jaio edo bizi diren eta fikziozko edo ez-fikziozko film luzeen proiektuak esku artean dituzten emakume zuzendari berriei zuzenduta dago, lehen edo bigarren filmarekin ari direnei, hain zuzen ere. Horiez gain, Estatu mailako enpresa ekoizle baten barruan lanean ari diren edo euren kabuz arituko diren emakume ekoizleek ere parte hartuko dute formakuntzan.
Ekimenak bi lan-ildo izango ditu: gidoia bukatzea eta ekoizpena. Egitasmoaren helburua da Euskadiko, Nafarroako edo Iparraldeko emakumezko zuzendari berrien film luzeen azken fasean tutoretza eta laguntza eskaintzea. Hautagaiek aurreprodukzioaren hasierako urratsetan egon beharko dute Estatu mailako ekoizle hasiberri baten eskutik. Emakumezko ekoizle horiei prestakuntza emateko xedea ere badu programak, eta zuzendari lankidearen gidoiaren gainean lan egiteko aukera izango dute bertan.
Noka Ekoizpenak laguntza profesionala eskainiko die zinegile eta ekoizleei ekoizpen fasean. Programaren helburuetako bat aurrekontu doituak osatzea da, Eusko Jaurlaritzaren eta ICAAren (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua) zein nazioarteko industria zinematografikoko foro profesionalen laguntzak eskatze aldera. Gainera, parte-hartzaileek ekoizpena planifikatzeko laguntza jasoko dute, filmaketarekin hasi ahal izan daitezen. Prozesua amaitzeko, pitch profesional bat egingo dute Abycine Lanzan, zinema independenteko profesionalentzako erreferentziazko merkatuan.
Lau tutore arduratuko dira hautatutako bi proiektuen jarraipena egiteaz: Mar Coll eta Itsaso Arana, gidoiaren eta zuzendaritzaren atalean, eta Chelo Loureiro eta Valerie Delpierre, ekoizpenaren arloan. Modulu bakoitza emango duten profesionalak ad hoc aukeratuko dira, hautatutako proiektuen arabera.
Ekoizpen-fasean sortzen ari diren zinemagileak tutorizatzeko programa.