Descripción

Gâv

Autorea: Kimia Kamvari

Urtea: 2018-2024

Materiala: Inprimaketa analogikoak paper baritatu gainean

Neurriak: aldakorrak

 

Gala

Autorea: Kimia Kamvari

Urtea: 2024

Materiala: Galalita

Neurriak: 35 x 4 x 2 cm

 

Capital

Autorea: Kimia Kamvari

Urtea: 2024

Materiala: Blood-dust

Neurriak: aldakorrak

 

Behiak lasai bazkatzen zelai batean, aire zabalean. Batzuk geldi daude. Beste batzuk, berriz, belar gainean etzanda, eguzkitan, hausnarrean eta lurra moldatzen. Irudi hau edozein lurralderena eta edozein garaikoa izan liteke, baita antzinako amets baten déjà vu bat ere. Zer dio behiak? Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak nobelan, baretasun hori eta denbora sakon hori behi baten ikuspegitik deskribatzen da.

Nonbait irakurri nuen Gea edo Gaia persierazko Gâv (گاو) hitzetik datorrela, “behia” esan nahi duena. Gai horretan sakonagotik ikertzean, ganadua lurrarekin nolabait lotzen edo parekatzen duten mito eta istorioekin egin nuen topo. Gea, kaosaren ondoren sortutako bular zabaleko jainkosa, greziar mitologian jatorrizko amatzat hartzen da, baita lurraren pertsonifikaziotzat ere. Izan ere, hitz hori ren edo ren forma poetikoa da, lurra eta lurraldea esan nahi duena. XII. mendeko La conferencia de los pájaros poema persiarraren hasierak munduaren sorreraren eszena bat irudikatzen du: Jainkoak  [...] mendiak moldatu zituen beren lurra nabarmentzeko, itsasoak beren aurpegia garbitzeko, [...] Jainkoak behi baten bizkarrean jarri zuen Lurra, eta behia jarri zuen arrain baten gainean, eta honek dantza egiten zuen zilarrezko argi-haril baten gainean, eta hau zen hain mehea, ezen airea ematen zuen. Irudi hau antzinako persiar sinesmen batetik dator, Gâv-Zamin (behi-lurra) kondairatik, honela irudikatzen duena mundua: Lurra orekan behi baten bizkar gainean, zeina altxatzen den aldi berean airean esekitako arrain baten gainera.

Argazki hauek aspaldikoak dira, Euskal Herrian bizi izan nintzen lehen urteetakoak. Nire asmoa zen animaliaren gorputza atzematea geruza bat balitz bezala zeruertz menditsuaren gainean, eta haren bizkarra mendi-hegalarekin lausotzea. Erakusketa honetan lehen aldiz parte hartzea eskaini zidatenean, komisarioarekin izandako hainbat elkarrizketatan, argazki hauek atera ziren hizpidera. Pare bat karreterekin hasi nintzen lanean. Nahi gabe bi aldiz jarri ziren ikusgai, eta kalte egin zien argiak. Garai hartan, bularra emateari utzi ala ez nuen buruan, eta horrela nabarmendu zen esnearen presentzia materia gisa. Esne-jarioa geldiarazteak zuzenean eraman zituen nire pentsamenduak erlazioak ezartzera, hazkuntzaren eta zaintzaren eta orain bizi dugun indarkeriaren artean. Era berean, emakumearen gorputz-jariakin horretan pentsatzeak beste gorputz-jariakin batean pentsatzera eraman ninduen: odola.

Ideia horri forma ematen bitartean, Gazako erasoa hasi zen, eta, handik astebetera, Dariush Mehrjui zinegile irandarra eta haren emaztea labankadaz hil zituzten Karajeko beren etxean. Krimen horrek 1990eko hamarkadako hilketak ekarri zizkidan gogora, Irango intelektual disidenteei eraso egin zietenean, bai Iranen, bai atzerrian. Horrela, erakusketa honetarako nire lana, nire ahotsa eta ni neu batu ginen krimen horiei erantzuteko.

Gâv (Behia, 1969) Darioush Mehrjuik zuzendutako film adierazkorraren izenburua da, Irango zinemaren historiaren parte bihurtua. Adin ertaineko nekazari baten eta bere ondasun baliotsu bakartzat duen behi baten arteko harreman estua erakusten du. Behi ernaldua misterioz inguraturik hiltzen da ukuiluan. Hala, nekazaria erotzen hasten da pixkanaka, animalia hori bera dela uste izan eta bere portaerak hartzeraino.

Kosmogonia zoroastrikoaren arabera, jatorrizko bobido Gav-aevo-data (sortze bakarreko idia) eta jatorrizko gizaki Gayo-mart (sortze bakarreko gizakia) aldi berean sortu ziren. Jatorrizko idia izaki hermafrodita da, esnea eta semena ditu, eta animalia-bizimodu ororen aita/ama da. Elezaharrak ilargia bezain zuri eta distiratsu deskribatzen du. Veh ibaiaren ertzetako batean bizi da, eta jatorrizko gizaki mitologikoa, berriz, beste ertzean. Filma ibaia bezala doa edo, agian, gurutzatu egiten du gizakiak eta animaliak korronte berean biltzeko.

Kasu askotan, behi bat hiltzeak beste eszena batzuetako ateak irekitzen dizkigu. Zoroastrismoan, adibidez, jatorrizko bobidoaren heriotzarekin animalia-bizitzaz, zerealez eta sendabelarrez betetzen da mundua. Bestalde, islama eta judaismoa bat datoz Bigantxa Gorriaren sakrifizioari buruzko kontakizunean. Koranaren bigarren kapituluak, Al-Baqarah (Behia) izenekoak, kontatzen du hilketa bat gertatzen denean eta gaizkilea ezagutzen ez denean, hildako behi baten organo bat jarri behar dela gorpuaren gainean, zendua berpiztu eta hiltzailearen izena ezagutzera eman dezan, berriro hil aurretik. Toran, Bigantxa Gorria hil egin beharra dago, errauts bihurtu, eta apaiz baten aurrera eraman, honek hiltzailearen gorpua, edo gorpuarekin kontaktuan egon den edonorena, arazteko. Bi kasuetan, behi bat hiltzeak erritual gisa balio du hiltzailearen gorputzak barruan duen toxikotasuna arazteko eta haren adimena blaitzen duen kutsadura espirituala garbitzeko.

Beste erlijio batzuetan, heriotza emateko ekintza hilketaren pareko sakrilegiotzat hartuko litzateke, edota bekatu larriago bat. Erlijio dharmikoetan, adibidez, behi baten hilketa tabu bat da, gainerako espezie guztien aurkako indarkeriarekin lotua. Hala, animalien eskubideekiko errespetua eta bizi-forma guztien aurkako indarkeriaren gaitzespena sinbolizatzen ditu behien babesak.

Lagun batek Oñatiko hiltegi txiki bat bisitatu zuen behin, eta xehetasun guztiekin deskribatu zidan operazioa. Dirudienez, oso prozesu azkarra da, bai hasi eta amaitu arteko denbora tartea, bai behiak hurrenez hurren hiltzekoa. Lehenik eta behin, animaliak bultzatzen dira aurrerantz eramateko. Tarte horretan oztopoak jartzen zaizkie atzera egin ez dezaten. Gogor egiten badute, deskarga elektrikoak ezartzen zaizkie. Ilarako aurreneko animalia bukaeran dagoen kaiola estuan sartu bezain laster, pistola zorabiagarri batekin tiro egiten zaio. Berehala, kaiolaren albo bat irekitzen da, eta ahoz gora erortzen da behia. Une horretan, beste pertsona batek hanka bat lotzen dio igogailu bati, eta labana handi batekin mozten dio lepoa. Langilea animalia odolustu arte zain egon bitartean, aurreko behiarengana joan eta adarrak mozten dizkio. Ordurako, beste animalia zorabiatu bat iritsiko zaio. Behiak bata bestearen atzetik sartzen dira; beraz, langile gihartsuak hiru abelbururekin malabarismoak egin behar ditu aldi bakoitzean. Lan nekagarria da, azpimarratu zuen nire lagunak, eta ez dago behar bezala ordaindua.

Ameriketako Estatu Batuetako hiltegiei buruzko zenbait txostenek adingabeko eta paperik gabeko immigranteak aipatzen dituzte, oso baldintza gogorretan lan egiten dutenak. Ahalegin errepikakorraren ondorioz kalteak eta lesioak izateko ─besteak beste anputazioak eta behatzak galtzea─ arrisku handiari buruzko estatistikak daude. Gainera, langileek entzumen-babesak eraman behar dituzte, hiltzen dituzten animalien oihu etengabeak ez entzuteko. Ziurrenik, lanaren zatirik txarrena, arrisku fisikoa baino okerragoa, ordain emozionala da. Sistema honek hiltzeko aukera ematen dizu; ordea, zure burua zaintzea eragozten dizu.

Gauzen banaketak ez digu uzten ulertzen atzean ezkutatzen diren errealitate zabalenak. Gizakiak ezarri zirenean eta nekazaritzaren eta artzaintzaren bidez elikagaien hornidura bermatu zenean, biztanleria handitu egin zen, eta espezializazioak eta lanaren banaketak gizarte konplexuak sortzea ekarri zuten. Gizarte horietatik konplexuena, kapitalista, langileen esplotaziotik bizi da, ordaindu gabeko lana baita gainbalioaren azken iturria. Hilik dagoen lana bizirik dagoen lanaz elikatzen da, Marxek esango lukeen bezala. Kapital terminoa latinezko capitālis (abere-buru) hitzetik dator, caput (capitĭa) hitzetik eratorria, eta, aldi berean, kaput- (buru) sustrai protoindoeuroparretik. Marxek gogorarazten zigun bezala, zortzi abelburu sartu ziren Kakoren kobazuloan, bizkarrez, isatsetik tiraka. Oteizaren arraunlarien iruditik urrun ─non arraunlariek atzerantz egiten duten aurrera, iraganari edo dagoenari begira─, ez dago aurrera egiterik aurretik lapurtu ziguten zerbait eman nahi digutenean.

Astigarreta, 2024

(Kimia Kamvari)

 

Autores
Temática
Imagenes
Imagen
Imagen
Imagen
Pertenece al proyecto
Imagen Listado
Imagen
Tipo de proyecto