Nosferatuko pantailak western garaikidearen agertoki zabaletara egingo du bidea 2024an.
Nosferatuko pantailak western garaikidearen agertoki zabaletara egingo du bidea 2024an. Zikloak eta bere inguruan editatuko diren liburuek 1962 aukeratu dute abiapuntutzat, orduan hasten baita western klasikoaren trantsizioa generoak hartuko dituen bide berrietara. Hala, generoko zinemagile klasikoen azken agurra izango da, tartean John Ford –El hombre que mató a Liberty Valance (The Man Who Shot Liberty Valance, 1962)–, Raoul Walsh –Una trompeta lejana (A Distant Trumpet, 1964)– edo Howard Hawks –El Dorado (1966)– eta beste batzuk iristen hasiko dira, generoa aldatzera deituak, aitzindari dituztenak Sam Peckinpah –Grupo salvaje (The Wild Bunch, 1969)– eta Clint Eastwood –Infierno de cobardes (High Plains Drifter, 1973)–.
Zikloak sei hamarkada zeharkatzen ditu: western krepuskularrak; dirty westernak europar eraginekin; “indarkeriaren belaunaldiko” zinemagileen hurbilketa (Richard Brooks, Don Siegel) edo “Hollywood berria” (Robert Altman, Michael Cimino); generoa biziberritzeko egindako saialdiak 80ko hamarkadan –Silverado (Lawrence Kasdan, 1985)– eta 90ekoan –Bailando con lobos (Dances with Wolves; Kevin Costner, 1990)–; Sin perdón (Unforgiven; Clint Eastwood, 1992) filmak publikoaren eta kritikaren artean izandako izugarrizko arrakastak ekarri zuen bultzada… garai hauetara hurbilduta Kelly Reichardt –First Cow (2019)– edo Jane Campion –El poder del perro (The Power of the Dog, 2021)– zuzendarien lanetaraino.
Urtearen lehen hiruhilekoan programatutako filmak besteak beste zinemagile hauenak dira: John Ford, Henry Hathaway, Richard Mulligan, John Sturges, Richard Brooks, eta Sam Peckinpah bitan –lehen aipatutako eta funtsezko Duelo en la Alta Sierra eta Grupo salvaje–.
Zikloarekin batera bi liburu editatuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehena, Western USA 1962-1992, Colección Nosferatuko 20. zk., Carlos Aguilarek eta Pablo Fernándezek koordinatu dute, eta urtearen hasieran kaleratuko da. Bigarrena, Iñigo Marzabalek koordinatua, Nosferatu Bildumako 12. zk., 2024ko amaieran editatuko da.
Zikloa Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatua da, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valencianaren lankidetzarekin, eta 2024ko urtarrila eta abendua bitartean garatuko da.