Donostiako OZENKI otxotea 1983an sortu zen eta urte hartako Donostiako Euskal Jaietako otxoteen jaialdian eskaini zuen lehen emanaldia. Beraz, ia 40 urte daramatzate euskal musika koralean, batez ere otxoteen abesti tradizionalen alorrean.
Urte horietan guztietan, Donostiaren ordezkaria izan da OZENKI jaialdi koral garrantzitsuetan: Vilanova i la Geltrú, Aranda de Duero, Langreo, Borja, La Couronne (Frantzia) eta Omis-en (Kroazia), eta aldiro Kanbon, Iruñean, Portugaleten eta Errenterian izaten diren otxoteen jaialdietan ere izan da.
OZENKI otxoteak ehunka kontzertu eskaini ditu, batez ere Gipuzkoan. “Kontzertiz” programan hainbat aldiz parte hartu duen otxote bakarra da. Programa horretan kontzertu komentatuak antolatzen dira eta “Otxotea eta musika: menu ona”, “Herri gastronomiko-musikala” eta “Munduari bira 80 fusatan” musikaikuskizunak aurkeztu ditu.
OZENKI otxoteak parte hartze aktiboa izan du Donostiako bizitza kulturaleko hainbat ekitalditan. Esaterako, 1987ko Musika Hamabostaldian “Sevillako bizargina” operan parte hartu zuen OZENKIk; obra horretako zati korala interpretatu zuen. Hainbat urtez hartu du parte Musika Hamabostaldiaren irekiera-ekitaldian. Azpimarratu beharra dago 1999ko ekainean “Kursaal" Biltzar Jauregiaren inaugurazio-ekitaldian hartu zuela parte OZENKIk.
Hiru disko grabatu ditu Ozenkik: bat, aita Madinak otxoteentzat egindako musikari eskainia (AITA MADINA), bestea otxoteen gai klasikoz osatua (FESTARA!) eta azkena Donostia hiriari eskainia, pianorako eta eskusoinurako musika-akonpainamenduarekin (DONOSTIA).