Texto Destacado

Quebeceko zinemari buruzko ziklo honek hiru hilabete beteko ditu Euskadiko Filmategiaren programazioan, eta ekoizpen garaikidea du ardatz nagusi. 

Multimedia
Imagen
Imagen
Pasada?
Si
Descripción Larga

 

 

2017ko urrian, hitzarmen bat sinatu zuten Quebeceko eta Euskadiko gobernuek, bi herrialdeen arteko lankidetza sustatzeko. Zinema-ziklo hau Quebecen eta Euskadiren arteko topaketa kultural horretatik sortu da, Etxepare Euskal Institutuak bultzatuta, Euskadiko Filmategiak antolatuta eta Quebeceko Zinematekak eta Quebeceko Gobernuak lagunduta, Bartzelonako Bulegoaren bitartez. Quebeceko zinema Euskal Herrian ikusaraztea da asmoa, eta, aurrerago, Quebecen euskal zinemarekin gauza bera egitea.

 

 

Quebeceko zinemari buruzko ziklo honek hiru hilabete beteko ditu Euskadiko Filmategiaren programazioan, eta ekoizpen garaikidea du ardatz nagusi. Dena den, zaila zen memoria-ariketa labur bat bederen ez egitea programazioa osatzerakoan. Pour la suite du monde (1963). Ohitura historikoak islatzen ditu hurrengo belaunaldientzat, eta gogoeta egiten du denboraren joanaz eta ohitura berrien etorreraz; hala, Quebeceko zinema modernoaren oinarri bat da, nolabait. Pierre Perraultek Michel Braultekin batera zuzendutako opera prima argitaratu eta bost urte geroago, Quebeceko zinemagile batek bere mito fundazional feministari ekin zion: De mère en fille (1968). Anne Claire Poirier izan zen Quebecen film luze bat zuzendu zuen lehen emakumea; gizartearen etorkizunaren ikuspegi zorrotz eta aurreratuarekin, zalantzan jarri zituen amatasunaren ondorengo laneratzea eta gizarteratzea.

 

 

Quebeceko zinema pittinka zabaldu da gure pantailetan (Arcand, Lauzon, Villeneuve, Dolan...), eta adibide-pare bat eskaini nahi izan dugu. Le déclin de l'empire américain (1986) filmak jarri zuen nazioarteko erakusleihoan Denys Arcand, lurralde horretako zinemagile emankorrenetakoa. Zinemagile-belaunaldi berrira etorrita, Xavier Dolanek 19 urterekin filmatu, idatzi eta ekoitzi zuen bere opera prima, eta haren protagonista ere izan zen: J’ai tué ma mère (2009). Ondoren, beste zazpi ekoizpen etorri dira gaur arte, denak ala denak ikusleek txalotuak eta zinemaldi-zirkuituetan arrakastatsu gertatuak.

 

 

Quebeceko zinematografia garaikidea aztertzean, okerra izango litzateke ekoizpenen aniztasuna ez azpimarratzea eta nabarmentzea. Thriller bat izango dugu: Vic + Flo ont vu un ours (2013), Denis Côtérena, zeinak ondo asko ezagutzen baitu nazioarteko zinemaldi onenen zirkuitua, eta, zehazki, Donostiako Zinemaldia. Aipagarria da, halaber, coming of age delakoaren joera, eta, hemen, Geneviève Dulude-Decellesen Une Colonie (2018) eta Anne Édmonden Jeune Juliette (2019) izango ditugu; haietan, heldutasunera pasatzeko errituez hitz egiten da tonu eta sentiberatasun desberdinez baliatuz.

 

 

Hondo politikoa duten ekoizpenetan ere bada aniztasun estetikorik. Quebeceko herritarren erronka soziopolitikoei askotariko subjektibotasunetatik heltzen dieten filmak ikusi ahal izango dira. Adibidez, Félix Dufour-Laperrièreren Ville Neuve (2018) animazioak giza harremanak aztertzen ditu 1990eko hamarkadako erreferendumak eragin zuen zurrunbilo bete-betean. Erronka horri heltzen diete bi familia-fikziok ere, eredu sozial eta politikoak zalantzan jartzen dituzten emakume gazteak dituztela protagonista: Myriam Verreaulten Kuessipan (2019) filmak jatorriz bertakoak diren herriei ematen die ahotsa gaur egungo erreserba batean; Sophie Derasperen Antigone (2019) filmak, berriz, migrazio-krisia zeinen arazo handia den erakusten du.

 

 

Zinema independentea ere ez da lagin eklektiko honetatik kanpora gelditu: Sophie Bédard-Marcottek zinemaren beraren esanahien, metaforen eta mugen bila eramango gaitu L.A. Tea Time filmean, jainkosa-forma duen Chantal Akerman baten laguntzaz, saiakuntza erako road-trip baten bidez.

 

 

Zinemako pantaila handia da, segur aski, munduko pantailarik ederrena eta maitemintze gehien eragin dituena. Rohmerrek zioenez, zinemak atzeman dezake arte guztien artean ondoen “munduaren egia eta edertasuna, gauzen egia eta edertasuna”.

 

 

Batzuetan, hala esan zuen García Márquezek, leiho bat irekitzen da eta ustekabeko begirada batek maitasunezko kataklismo bat eragin dezake. Uste dugu Quebeceko edertasunera eta egiara hurbildu gaitezkeela zinemaren bidez... haiekin maitemintzeko, segur aski.

 

 

 

 

 

 

 

 

PROGRAMA

 

 

01-04-2021 

POUR LA SUITE DU MONDE

 

 

 

 

 

08-04-2021 

DE MÈRE EN FILLE

 

 

 

 

 

15-04-2021 

EL DECLIVE DEL IMPERIO AMERICANO

 

 

 

 

 

22-04-2021 

YO MATÉ A MI MADRE

 

 

 

 

 

29-04-2021 

VICEK ETA FLOK HARTZ BAT IKUSI ZUTEN

 

 

 

 

 

13-05-2021 

UNE COLONIE

 

 

 

 

 

20-05-2021 

VILLE NEUVE

 

 

 

 

 

03-06-2021 

KUESSIPAN

 

 

 

 

 

10-06-2021 

ANTIGONA

 

 

 

 

 

17-06-2021 

JULIETTE GAZTEA

 

 

 

 

 

24-06-2021 

L.A. TEA TIME

 

Imagen Listado
Imagen
Año
2021
Tipo Agrupación
Zikloa