The Quiet One, Sidney Meyers, AEB, 1948, 65', 16mm
Oraindik ere elkarrizketan gabiltza Berenice Abbottekin, haren garaiarekin eta haren argazkilari-obran ageri diren gai, espazio eta hiriekin. Lehenbiziko bihilekoan azaldu genuenez, hurbiltze honek ahalbidetu egingo digu zinemaren historiako hiru klasiko handi berreskuratzeko: urtarrilaren 1ean Lionel Rogosinen On the Bowery (1957) lanarekin estreinatu genuen urtea, eta orain Harlemeko 1940ko hamarkadaren amaierako gazte afroamerikar baten bizitza erretratatzen duen film dokumentalarekin jarraitzen dugu: The Quiet One. Filma drama dokumentalaren arloko klasiko gisa aipatzen da historia-liburuetan, eta bi izendapen izan zituen Oscar sarietan (gidoi onenarena eta dokumental onenarena). Halaber, zinema amerikar berriaren oinarriak ezarri zituzten filmetako bat da.
Zinema behartsuentzat behatzeko eta salatzeko tresna politikoa ere badela oso goiz ikusi zuten zuzendarietako bat da Meyers. East Harlemen jaio zen, leinu poloniarra zuen eta zinemaren esparruko lehenbiziko pausoak muntatzaile eta kritikari gisa eman zituen New Theatre aldizkari prestigiotsu ezkertiarrean.
The Quiet One grabatzeko, Sidneyk prestigio handiko adiskide eta laguntzaileak hartu zituen, eta filma klasiko bete bihurtu zuten: ekoizpena Janice Loeb zuzendari, gidoilari eta ekoizlearen esku geratu zen; gidoia Meyersek berak, Janice Loebek, Helen Levitt argazkilariak (beharbada garai hartako garrantzitsuena eta itzal handiena zuena; bide batez, filmaren argazki-zuzendaritzaren zati batez arduratu zen, On the Boweryko kamerari Richard Bagleyrekin batera) eta James Rufus Agee poeta eta idazleak. Azken hori zinemaren historiako bi monumenturen gidoilari izan zen: Afrikako erregina (The African Queen, John Huston, 1951) eta Ehiztariaren gaua (The Night of the Hunter, Charles Laughton, 1955).
Pertsonaia marjinal baten bizitzara eginiko hurbiltze erdi-dokumentala da emaitza: inguruneak baztertu egiten du pertsonaia, eta bere baitara ixten da (hortik dator izenburua). Era berean, pertsonaia inguratzen duen auzoaren eta hezkuntza-testuinguruaren erretratua ere bada, baita Estatu Batuetako historiaren garai jakin harena ere. On the Boweryn bezala, 1929ko krisiaren ondoren sortutako argazkilaritzak, garai hartako zinema dokumentalak bezala, errealitate sozialaren premiazko erretratuaren inguruko interesa partekatu zuen. Denbora igarota, dokumentu horiek ezinbesteko bihurtu dira garai bat eta herrialde bat ulertzeko, bai eta, aldi berean, etika bat eta estetika bat ulertzeko ere.
Filma drama dokumentalaren arloko klasiko gisa aipatzen da historia-liburuetan, eta bi izendapen izan zituen Oscar sarietan (gidoi onenarena eta dokumental onenarena). Halaber, zinema amerikar berriaren oinarriak ezarri zituzten filmetako bat da.