Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia erakusketari hasiera eman zion kontzertuaren erreplika batek emango dio itxiera erakusketari, berriz ere J.S Bach-en lana baliatuz horretarako. Oraingo honetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoko ganbera talde batek, Mikel Chamizo, Julia Eckhardt, Agnes Pe eta Xabier Otaolea konposatzaile gazteek propio prestatutako “Kafearen kantata”ren berrinterpretazio garaikideak interpretatuko ditu. Kafea bezala, espreski egoerarako egina, kafe batek irauten duen luzeran eta kafe batek eskatzen duen astiarekin.
XVII. mendean kafea modako edari bihurtu zen Europa osoan zehar, zuzenak izateko, Europako klase dirudunen artean bereziki. Mundu berrietatik zetorren edari beltza gizartearen esparru ezberdinetara zabaltzen joan zen heinean, eskaera berriari aurre egiteko Kafe etxeak zabaldu ziren han eta hemen, eta hauek, aldi berean, bezeroak erakartzeko asmoarekin, musika kontzertuak antolatzen hasi ziren. Geroztik gaurdaino iraun duen ezkontza izan da biena.
Musikak, ia gure kontsumo ohitura legal eta ilegalen zerrendatara gehitu diren pizgarri guztiekin bezala, gure kantutegietan txertatu diren makina bat oda ahaztezin eskaini dizkio kafeari, eta kafe marka globalizatuek, berriz, musika erabiltzen dute, oraindik ere, kafea saltzeko erakargarri gisa. Biak ala biak, zein baino zein pizgarriago.
Maiz kafe-edaleen aisialdia alaitzea egokitu zitzaion J.S. Bachek azkar ulertu zuen musikaren eta kafearen arteko lotura hori emanaldi honetan protagonista den obra konposatzeko orduan. Konposatzaile alemaniarrak musikan topatu zuen kafeari buruz hitz egiteko aitzakia, kafean musika egitekoa, eta biekin garaiko gizarte patriarkalari kritika zorrotza egitekoa, beti ere, pizgarriak gehitzen hasita, umore dosi haundiarekin.
BIBOLINA: XABIER GIL. BIOLA: PAWEL KRYMER. BIOLONTXELOA: GABRIEL MESADO. FLAUTA: HELENE BILLARD. PERKUSIOA: HÉCTOR MARQUÉS.
'Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia' erakusketaren finissage-kontzertuan Bach-en 'Kafearen kantata' obraren berrikuspena izango dugu entzungai. Oraingo honetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoko ganbera talde batek, Mikel Chamizo, Julia Eckhardt, Agnes Pe eta Xabier Otaolea konposatzaile gazteek propio prestatutako “Kafearen kantata”ren berrinterpretazio garaikideak interpretatuko ditu.