The room, Tommy Wiseau, AEB, 2003, 99’
Bi urte igaro dira Tabakalerako zinema aretoko ateak zabaldu genituenetik. Mundu osoko zinema jaialdietatik ekarritako ehundaka pelikula programatu ditugu; haien lanekin zinemaren historiaren oraina eta geroa idazten ari diren autoreak izan ditugu. Urrezko Zinema, Zilarrezkoa, Palmorriak irabazi dituena, Leopardoak, Maskorrak, munduko bazter guztietako sariak; serioa den zinema, oso serioa dena, zinemak nolakoa behar duen izan zehazten duena.
Eta gauzak horrela, zer gertatuko litzateke zinemaren historiako pelikula txarrena programatuko bagenu?
Gure proiektorea hondatuko litzateke?
Txioek traidore hutsak garela leporatuko ligukete? Aretoa hutsik geratuko litzake? Edo guztiz kontrakoa?
Proba dezagun zer gerta daitekeen; nork dio kultura garaikideko zentro bat ez dela kontraumorearekin jokatzeko gai?
Donostiako Zinemaldiak duela aste batzuk iragarri zuen sail ofizialean lehiatuko zela James Francoren The disaster artist. Sinopsiak horrela dio: “The room filmaren making of erreala da, pelikula txarren artean Cane hiritarra gisa izendatua izan den lana. Tommy Wiseauk zuzendutako film klasikoa Ipar Amerikako ehundaka aretotan ikusi izan da estreinatu zenetik”.
Historia apur bat: 2003 urtean, Los Angeles hiriko periferian kokatutako zinema areto ez oso jendetsu batean proiektatu zen, hilabeteetan zehar, ezinezko film hau. Pelikula honen argumentuak Johnny-ren istorioa kontatzen du; bere neska-laguna Lisa eta Mark lagunarekin bizitako pasarteak. Nonbait irakurri genuen hiruki dramatiko honek Tennessee Williams-en lanak zituela ispirazio iturri. Baina desastre hutsa izan zen hura; ezinezkoak ziren interpretazioak, elkarrizketa lotsagarriak, luxu merkeko arte zuzendaritza eta erritmorik ez duen muntaia.
Orain denoi etortzen zaigu burura Tim Burton-en Ed Wood filma, edota B serieko pelikulak, platertxo hegalariak zintzilikatzeko erabilitako hari ikusezina igartzen zen horietan. Zinemaren historia ere porrotez beteta dago, aurrera egiteko lagungarri izan direnak. Batzuetan gustuko dugu film hauek ikustea, eta perfektua ez dena sentitzea. Gizatiarra dena, kamara bat hartuta lagunen artean pelikula bat egitea posible dela pentsatzen den hasierako momentu hori gertutik ikustea.
Fenomenoa gaur egun gertatzen diren modu berean igaro zen; blog batean agertu zen iruzkin bat, hainbat txio eta bertxio, “wassapeko” mezuak, zinema kritikak egiten dituzten orrialdeetan hainbat testu, lagunarteko plana hain txarra zen film hori ikustera joateko, kontraumoreak duen gaitasuna eskasa dena on bihurtzeko, sareetako leherketa eta pelikula hori ikusi ez bazenuen Los Angelesen galdutzat emango zintuztelako sentsazio hori.
“Pelikula hau buruan aizkorakada bat jasotzea baina okerragoa da” zioen kritika batek munduko zinema kritika plataforma handienean (IMDB). Fenomenoa geldiezina bihurtu zen segituan, izan ere, horrela idazten da historia XXI.mendean.
Gure zinema aretoa anitza izaten ahalegindu da beti; askotariko ahots, begirada, garai, hizkuntza, doinua eta estiloek osatua. Areto publiko batek hau eskaini behar duela uste dugu. Bigarren urteurren honetan eta Zinemaldiaren atarian gauden honetan, ohorez eta ilusio handiz iragartzen dugu zinemaren historiaren barruan film txarrenen artean onena izendatu duten hau, Donostiako Zinemaldiko zuzendaria den José Luis Rebordinosek aurkeztuta gainera.
Zinemaldiaren atarian gauden honetan, ohorez eta ilusio handiz iragartzen dugu zinemaren historiaren barruan film txarrena izendatu duten hau, Donostiako Zinemaldiko zuzendaria den José Luis Rebordinosek aurkeztuta gainera.