Tabakaleran, Wilsonek Spectral Exchange proiektua jorratuko du, hots, gizakiek ikus dezaketen espektro elektromagnetikotik kanpoko botere-, ekonomia-, biologia- eta hautemate-operazioen inguruko ikerketa. Izenburu horren pean, diziplina arteko ikerketa-esparru bat proposatzen du.
Proiektu honen bitartez, Wilsonek Antropozenoaren barruko ekologia eta ekonomia harilkatu nahi ditu argi ikusgaiaren ertzean eta handik haratago. Gizadia zeharo harrapatuta dago guztiz ikusi ezin dugun ekologian eta ekonomian; haien efektuak sentitu baino ezin ditugu egin. Zentzu batean handiegiak dira, eta beste batean sakonegiak eta iheskorregiak –sotilegiak– dira ulertzeko. Katramila horiek behin eta berriz imajinatuko ditu berriro, eta berriz ere haiekin konprometituko da teknologiekin eta gizakiak ez diren organismoekin lan eginez, argi ikusgaiaren espektrotik kanpoko ikuspegi espektral bat garatzeko.
Proiektu hau bi aldiz da espektrala. Erradiazio elektromagnetikoaren espektroarekin eta fantasma historikoekin nahasiko da. Ezinbestekoak izango dira argazkigintza eta zinemagintza goiztiarraren inguruko elkarrizketa teoriko eta historikoak, artea eta zientzia batera existitu ziren garai eta bitarteko modernoak. Ikuspegi artifizialaren aro garaikidean aintzat hartuko dira horiek guztiak.