Aitzakia bat gehiago duzu Hirikilabs-era gerturatzeko: asteazken arratsaldetan talde irekien topaketa.
Hiri laborategi baten dinamika martxan jartzen duen gauzetariko bat pertsonek interesgune jakin baten inguruan elkartzeko duten beharra da. Presarik gabe, helburu zehatzik gabe, ideiak, praktikak eta ezagutzak partekatzeko gogoa baino ez. Ikerketa irekia oinarri duten prozesu horiek laborategiaren aukerak hedatzen dituzte.
Taldeak sortzeko bideak asko dira. Batzuetan lantegi batek pizten du interesa, beste batzuetan topaketa batek, batzuetan eurak datoz ideiarekin, beste batzuetan Plaza proiektu baten garapena da. Guretzat talde ireki bat sortzeko proposamenak zentzua du, laborategiaren filosofiarekin koherentea den heinean. Baina taldeak ez dira betirako izaten, desagertu eta aldatu ere egiten dira, dana pertsonen eta euren momentuko interesen esku baitago.
Azken urtean, modu informalean, honako talde hauek ari dira pixkanaka forma hartzen: 3D-aren inguruan ikasten diharduen taldea, bideo-jokoen sorkuntzaren inguruan diharduena, ehungintza eta teknologiaren aukeren inguruan ikertzen ari dena, euskara bultzatzeko teknologiaren aukerak lantzen dituena, eta teknologia hezkuntzan nola erabiltzen den kuestionatzen duena.
Talde hauek guztiz autonomoak direnez, modu ezberdinetan kudeatzen dira, baina gure ideia da pixkanaka pixkanaka suertatzen diren dinamika horiek asteazken arratsaldetan batzea, horrela pertsona gehiagok talde hauekin bat egin ahal izateko.
Beraz, aitzakia bat gehiago duzu Hirikilabs-era gerturatzeko: asteazken arratsaldetan talde irekien topaketa.