Abuztuan ere Hirikilabsen ateak irekita izango ditugu etxeko txikienentzat. Egin ezazu zerorrek (DIY) eta Egin dezagun elkarrekin (DIWO) filosofiak jarraituz, txokoak osatu ditugu hainbat proiektu txikirekin. Urtean zehar JoLabs lantegietan egindakoari jarraipen gisa, teknologia kontzeptuak ikasi, jolastu eta gure sormena lanean jarriko dugu.
Ez da lantegi arrunta izango. Gai desberdinen inguruan lau lan txoko osatuko ditugu: elektronika, elektrizitatea, esku-lanak, diseinua... Banaka, familiartean zein taldean etorrita ere azalpen labur batzurekin proiektuak egiteko gai izango gara. Autoikaskuntza landuko dugu, modu librean, norberak bere irudimenaren araberako proiektuak osatuko baititu.
Ikasketa prozesu hau jolas moduan landuko da noski, oporretan baikaude!
Arropa hackeatu
Etxetik gure arroparen bat ekarriko dugu (kamiseta, pixama, gona…). Koloretako biniloa erabiliz marrazkiak egin eta plantxa erabiliz gure arropari itsatsiko dizkiogu. Horrela gure arropak geure gustura pertsonalizatuko ditugu!
Musika kaxa
Ezagutzen al dituzu irekitzean musika hasten duten kaxak? Etxetik ekarritako gaileta kaxa bati ala hemen egindako bati irekitzean musika gehituko diogu.
Txotxongilo mekanikoa
Kartoizko engranaje eta ardatzekin mekanika joko hau osatuko dugu. Mugimenduaren transmisioa nola burutzen den ikusiko dugu, mugimendu zirkularretik zuzenera nola pasatzen den, erreduktoreak nola egiten diren. Behin hau ulertuta gure mugimendu propioak sortuko ditugu eta txotxongilo mekanikoak egingo ditugu.
Toy bending
Soinuren bat egiten duen jostailu zaharrak ekarriko ditugu, pila eta guzti. Ireki eta nola funtzionatzen duten ikusiko dugu. Ondoren toy bending teknika erabiliz soinuak lekuz aldatuko ditugu eta soinu distortsioak gehituko dizkiegu.
Egin ezazu zerorrek (DIY) eta Egin dezagun elkarrekin (DIWO) filosofiak jarraituz, txokoak osatu ditugu hainbat proiektu txikirekin. Teknologia kontzeptuak ikasi, jolastu eta gure sormena lanean jarriko dugu.