Todd Haynes gidoilari eta zuzendari txalotuak Poison (1991) filmarekin egin zuen film luzeen alorrean debuta eta Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen Sundancen. Ondoren Safe (1995) egin zuen, Village Voice aldizkariak 90eko hamarkadako film onentzat jotako filma. Velvet Goldmine-k (1998) Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen Cannesen, eta Far from Heaven-ek (2002) Oscar sarietarako lau izendapen jaso zituen. I’m Not Therefilmean fikziozko zazpi pertsonaiaren bitartez irudikatu zuen Bob Dylanen obra eta bizitza, eta 2015ean Carol filmean Patricia Highsmith egokitu, eta Oscarretako sei kategoriatarako izendatu zuten. Wonderstruck joan den Canneseko zinema-jaialdian estreinatu zen.
Christine Vachon, Independet Spirit Award eta Gotham Award sarien irabazlea, Killer Films puntako ekoiztetxe independentearen sortzaileetako bat izan zen, Pamela Koffler-ekin batera, 1995ean. Azken bi hamarkadetan 100 film baino gehiago ekoitzi ditu, Estatu Batuetako zinema independenteko film laudatuenetako batzuk tartean: Carol (Oscar sarietarako sei izendapen), Far from Heaven (Oscar sarietarako lau izendapen), Still Alice (Oscar sari baten irabazlea), Boys Don’t Cry (Oscar sari baten irabazlea), One Hour Photo, Kids, Hedwig and the Angry Inch, Happiness, Velvet Goldmine, Safe, I Shot Andy Warhol eta I’m Not There (Oscarretarako izendatua). Telebistan, hainbat Emmy eta Urrezko Globo irabazi dituen Mildred Pierce telesailaren (HBO) ekoizle exekutiboa izan zen Vachon. Haren lan berrienen artean, Goat, Wiener-Dog, White Girl eta Beatriz at Dinner aurki ditzakegu.Killer Films etxeak ekoitzi ditu, halaber, The Beginning of Everything, Christina Riccik protagonizatua (Amazon Studios) eta Todd Haynesen azken filma, Wonderstruck. Gaur egun, postprodukzio-fasean du Paul Scharder-en azken film luzea, First Reformed. Vachon Stony Brook Unibertsitateko Arte Ederretako Masterraren zuzendaria da orobat. 2012an Donostia Zinemaldiko epaimahai ofizialaren presidentea izan zen.
Todd Haynes eta Christine Vachon, 'Wonderstuck' (Perlak) filmaren zuzendari eta ekoizlearen emanaldia eta eskola magistrala.