Xabier Salaberriak objektuak eta materialak erabiltzen ditu, baina horien irakurketa predeterminatua baztertu eta testuinguruarekiko beste konfigurazio batean zentzu berria aurkitzeko ikuspuntu batetik. Obra ez da eskultura bat edo irudi bat, baizik eta horiek normalean ikusten ez dugun espazio batean, edukitzaile soiltzat jotzen dugun horretan, lekua hartzen duten modua. Askotan, Salaberria desnaturalizazioaz aritzen da; hau da, gauzak berriro begiratzeko borondateaz, eraikuntza kultural eta ideologikoak direla ulertzeko, eta horien unibertsaltasuna zalantzan jartzeko. Espazioari eusten dioten eta hura antolatzen duten mekanismoak etengabe eta sotilki agerian jartzean datza, mekanismo horiek ikasitako eta sortutako ideiara murriztutako munduaren irudiaren eraikuntzaren parte baitira, zeina errealitate gisa ere naturalizatzen dugun.
Xabier Salaberria Donostian bizi da eta bertan egiten du lan. Artistaren prestakuntza Arteleku arte-zentroari lotuta egon da. Bertan parte hartu zuen Txomin Badiolak eta Ángel Badosek emandako tailerretan 1998an, baita, urte berean, Peio Irazuk emandako beste batean ere. Topaketarako eta eztabaidarako espazio hori langune eta erreferentzia gisa erabili ditu denboran zehar. Hainbat egonaldi-programatan parte hartu du, eta horren ondorioz, denboraldi luzeak igaro ditu atzerrian; faktore horrek ikusgarritasun handia eman dio bere lanari. Halaber, besteak beste Peio Agirre, Chus Martínez, Lars Bang Larsen eta Catalina Lozanoren komisariotzapeko erakusketak aurkeztu ditu. Honako hauek izan dira artistaren azkenaldiko erakusketa nabarmenenak: Una exposición sin Arquitectura, Gasteizko Artium Museoa (2021); r de radio, CarrerasMugica, Bilbo (2020); Ganar Perdiendo, Centro, Madril (2019); Restos materiales, obstáculos y herramientas, Sao Paulo Biurtekoaren 32. edizioa (2016); Can-ni-faire, CarrerasMugica (2016); Proceso y Método (A.T.M.O.T.W.) Xabier Salaberria, Bilboko Guggenheim Museoa (2013); The Society Without Qualities, Tensta Konsthall. Stockholm (2013) eta Inkontziente-Kontziente (Scenario1 about Europe). GFZK, Leipzig (2011).