Urteko zinema-proposamen harrigarrienei eta erakargarrienei zabaldutako lehiazko saila da Zabaltegi-Tabakalera. Atal honetan ez dago arau formalik, ezta gai-mugarik ere.
Urteko zinema-proposamen harrigarrienei eta erakargarrienei zabaldutako lehiazko saila da Zabaltegi Tabakalera. Atal honetan ez dago arau formalik, ezta gai-mugarik ere. Benetako «gune ireki» bat, Donostia Zinemaldiko programazioaren barruan.
Zinemaldiak eta Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak sinatutako hitzarmen honi esker, Zabaltegi aurrerantzean lehiazko sail izango da, eta bertan parte hartzen duten filmak Zabaltegi - Tabakalera Saria eskuratzeko lehiatuko dira. Esandako sari hori 20.000 €-ekoa izango da; horietatik 6.000 € film irabazlearen zuzendariak jasoko ditu, eta gainerako 14.000 euroak, berriz, film irabazlea Espainian banatzen duen enpresak.
Zabaltegi - Tabakalera Saria berariaz sortutako epaimahai batek erabakiko du: zinemaren eta kulturaren alorreko hiru profesional izango ditu gutxienez.
Filmak
Bertrand Tavernier-en Voyage à travers le cinéma français / A Journey Through French Cinema filmak, bere herriko zinematografian zeharreko dokumentalak, irekiko du aurtengo Zabaltegi-Tabakalera. Film hori nazioarteko zinemagile nabarmenen azken lanekin lehiatuko da Zabaltegi-Tabakalera Saria eskuratzeko (20.000 euro), hala nola Terence Davies, Lav Diaz, Jim Jarmusch, Hayoun Kwon, Jean-François Laguionie, Deborah Stratman eta José Luis Torres Leiva-ren lanekin, baita hurrengo asteetan iragarriko diren beste zenbait lanekin ere.
Tavernier-ek (Lyon, 1941), zinemagintza frantseseko maisu handienetako batek, harreman luzea du Zinemaldiarekin. 1999an atzera begirako ziklo bat eskaini zion jaialdiak, eta urte hartan bertan epaimahaiburua izan zen. Haren Coup de Torchon filmak Sail Ofizialean parte hartu zuen 1982an. Capitaine Conanekin epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu zuen 1996an. Ça commence aujourd'hui filmak Publikoaren saria irabazi zuen 1999an. Holy Lola lanarekin sari bera irabazi zuen 2005ean, eta 2013an Sail Ofizialean izan zen berriro, Quai D’Orsay satirarekin; azken horrekin, gidoi onenaren saria irabazi zuen. Haren beste film arrakastatsuetako batzuk dira L'horloger de Saint-Paul (1974), Round Midnight (1986), La vie et rien d'autre (1989), La fille de d'Artagnan (1994), L'appât (1995) eta La princesse de Montpensier (2010). Historialari eta kritikari frantsesak, bere jaioterriko Institut Lumière erakunde prestigiotsuaren lehendakari ere badenak, Cannes Classic-en aurkeztu zuen bere azken lana. Zinema frantsesaren historian zehar eginiko espedizio bat da, eta Becker, Renoir, Bresson eta beste zenbait errealizadoreri eginiko omenaldi bat ere bai. Tavernier-ek sei urte eman ditu film honetan lanean.
Terence Davies-ek (Liverpool, 1945) eta Jarmusch-ek (Akron, Ohio, 1953), fikzioa eta dokumentala hurrenez hurren erabiliz, bi ibilbide artistikoren historia aztertzen dute beren lanetan: Emily Dickinson idazlearen bizitza eta The Stooges-en, Iggy Pop ezagutarazi zuen taldearen, epopeia. Espainiako estreinaldia izango da Zinemaldikoa bi filmentzat; aurretik, A Quiet Passion, zinemagile britainiarrarena, Berlinen estreinatu zen, eta Gimme Danger lehiaketatik kanpo proiektatu zen Canneseko Sail Ofizialean.
Jim Jarmusch-en filmak funtsezko erreferentzia dira zinema independentean, eta maiz izan ditugu Zinemaldian azken urte hauetan: Broken Flowers (2005) eta The Limits of Control (2009) Perlak sailean ikusgai izan ziren, eta Ghost Dog: the Way of the Samurai filmak American Way of Death: 1990-2010eko Amerikako zinema beltza atzera begirako zikloan parte hartu zuen.
Davies-en filmografiak izenburu nabarmen ugari biltzen ditu: Distant Voices, Still Lives (1988) filmarekin Locarnoko Urrezko Lehoinabarra irabazi zuen; The Long Day Closes (1992) Cannesen lehiatu zen; The House of Mirth (2000) Locarnon estreinatu zen; Of Time and the City (2008) dokumentalak Zabaltegi Bereziak-en parte hartu zuen, Cannesen ikusgai izan eta gero; eta The Deep Blue Sea (2011) eta Sunset Song (2015) lanak Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu ziren. Zinemaldiaren 56. edizioan (2008), gainera, atzera begirako ziklo bat eskaini zioten Davies-i.
Biek ala biek zuzendari eta gidoilari jarduten dute beren filmetan. Halaxe egiten dute Lav Diaz-ek (Datu Paglas, 1958) eta Deborah Stratman-ek ere (Washington, 1967). Zinemagile filipinarraren filmak Hele Sa Hiwagang Hapis / A Lullaby to the Sorrowful Mistery du izenburu eta 480 minutu irauten du. Bere herrialdeak jasan duen zapalkuntza koloniala du hizpide. Berlinalen, Alfred Bauer Saria irabazi zuen (arte zinematografikoetan ikuspegi berriak zabaltzen dituzten produkzioentzako saria). Zinemagileak Orizzonti Saria ere irabazi zuen Venezian, Melancholia filmarekin. Aurtengoa Zabaltegin parte hartzen duen bigarren aldia da: 2013an, Prologo sa ang dakilang Desaparecido / Prologue to The Great Desaparecido filma proiektatu zen, mundu mailako estreinaldian, baita Norte, hangganan ng kasaysayan / Norte, The End of History, ere, Canneseko Un certain regard sailetik igaro eta gero.
Deborah Stratman-ek, bestalde, The Illinois Parables dokumentala aurkeztuko du. Sundancen estreinatu zen, eta Europako estreinaldia Berlinen izan zen. Estatu Batuetako artista eta zinemagile entzutetsu honen aurreko lana, Second sighted(2014), Tabakaleran programatu zuten, zinema garaikideari buruzko zikloan. Oraingo pieza esperimental honetan, sinesmenek ideologia sozialean eta nortasun nazionalean izan duten egiteko historikoa aztertzen du.
José Luis Torres Leiva-ren (Santiago, Txile, 1975) El viento sabe que vuelvo a casa Rotterdameko zinema-jaialdian estreinatua, pieza metazinematografiko bat da, Ignacio Agüero dokumentalistaren ingurukoa. Agüero Torres-Leivarekin lankidetzan aritua da lehenago ere, aktore-lanetan jardun baitzuen haren El cielo, la tierra, y la lluvia (2008) eta Verano(2011) filmetan. Azken hori Tabakalerako Circuito ekimenean ikusi ahal izan zen, 2014an.
Hayoun Kwon (Seul, 1981) artista multimediak Korea eta Frantzia ditu bizileku. Hamabi minutuan 489 Years aztertzen ditu. Animazio-film labur honek Hego Koreako soldadu ohi baten lekukotza jasotzen du. Haren aurreko lana, Village modèle, Ipar Koreak eraikitako propaganda-herri bati buruzkoa, Rotterdamen eta iazko Circuito programan aurkeztu zen.
Jean-François Laguionie (Besançon, 1939) animazio-errealizadore laudatuaren Le tableau filma Animatopia. Animaziozko zinemaren bide berriak atzera begirako zikloan programatu zen, 2013an. Aurten, Louise en hiver ikusi ahal izango dugu Zabaltegi-Tabakaleran. Filma Annecyko zinema-jaialdian estreinatu da berriki. Laguionie-k, duela 50 urte, Annecyko Sari Nagusia eskuratu zuen bere La demoiselle et le violoncelliste (1965) filmarekin, eta Film Labur Onenaren Saria Cannesen, 1978an, Rowing Across the Atlantic filmarekin.
Take Shelter. Mud eta Loving filmen zuzendariak, Jeff Nicholsek (Little Rock, Arkansas, 1978) Midnigt Special idatzi eta zuzendu du; naturaz gaindiko thriller bat, zientzia-fikzio eta road movie arteko bidegurutzean. Filma Berlinalen estreinatu zen, eta aita bati eta haren zortzi urteko haurrari jarraitzen die, Gobernu Federaletik ihes ari direla, haurrak botere bereziak dituela aurkitu ostean segika baitituzte.
Todd Solondz gidoilari eta zuzendari estatubatuarrak (Newark, New Jersey, 1959), zinema independenteko erreferentziak, Wiener Dog komedia dramatikoa aurkeztuko du. Sundance jaialdian estreinatua, lau istoriok osatzen dute filma. Keaton Nigel Cooke, Tracy Letts, Julie Delpy, Danny DeVito, Kieran Culkin, Greta Gerwig eta Zosia Mamet dira protagonistak. Solondz, besteak beste Welcome to the Dollhouse filmaren egilea, Cannesen, Berlinen eta Venezian saritu dute. Aurten berriz izango da Zabaltegin, 1998an eta Happiness eta 2001ean Storytelling aurkeztu ostean.
João Pedro Rodrigues (Lisboa, 1966) Biologia ikasten hasi zen, ornitologo izateko asmoz, baina azkenean bertan behera utzi zituen ikasketak, arreta osoa zinemari emateko. O Ornitólogo / L’ornithologue filma bosgarren film luzea du. Locarnoko lehiaketa ofizialean sartu da, aurreko filmekin Canneseko Un Certain Regard sailean eta Veneziako zinema-jaialdian lehiatu eta gero. Hain zuzen, ornitologo bakarti bati buruzkoa da filma; galzoriko zikoina beltzen bila ari dela ibaiak herrestan eramango du, eta muturreko egoerei aurre egitera behartuko duen baso misteriotsu batean murgilduta amaituko du.
Aaron Brookner-ek (New York, 1981), The Silver Goat film luzearen egileak (iPad-ean erakusteko eginiko lehen filma), bere osabaren figura dakar Uncle Howard filmean: Howard Brookner, zeinak New York hiriko 80ko hamarkadako kultur iraultza islatu baitzuen Burroughs: The Movie filman,garai aurretik hil baino lehen.
Marilia Rochak (Belo Horizonte, Brasil, 1978) fikzioan egindako lehen saioa A cidade onde envelheço / Where I Grow Old filma da, iaz Toulouseko Zinema Eraikitzen sailean parte hartzeko hautatua eta Rotterdamen estreinatua. Brasilgo hiri batean berriz elkar aurkitzen duten Portugaleko bi lagunei buruzko film bat da; antza denez, bizitzan egoteko bi modu desberdin dituzte.
Harez gain, Felipe Guerrerok (Kolonbia, 1975) ere fikziozko lehen lana ekarriko du, nazioartean ibilbide indartsua egin duten Paraíso (2006) eta Corta (2012) dokumentalen ondoren. Oscuro animal filmean, gatazka armatutik ihes egin nahian oihanetik Bogotára joango diren hiru emakumeren istorioa kontatzen du. Rotterdamen estreinatua, FIPRESCI Saria irabazi zuen T-Mobile New Horizons IFF zinema-jaialdian, baita kategoria hauetako sariak Guadalajarako zinema-jaialdian ere: Iberoamerikako film onena, zuzendaritza onena, emakumezko aktore onena (hiru protagonistek partekatua) eta argazkilaritza onena.
Paz Encinaren (Asunción, 1971) lehen film luzeak, Hamaca paraguaya-k, prestigio handiko sari ugari lortu zituen; besteak beste, FIPRESCI saria Canneseko zinema-jaialdian. Bere bigarren film luzea, Ejercicios de memoria, munduko estreinaldia izango da Zabaltegi-Tabakalera sailan. Bertan, Alfredo Stroessner-en diktaduraren aurkari saiatuenaren figura aztertzen du: Agustín Goiburú, 1977an Cóndor operazioaren barruan eraila. Ejercicios de memoria haren hiru seme-alaben oroitzapenetan barrentzen da, Latinoamerikako diktadura luzeenetako baten testuinguru politikoa birsortzeko asmoz.
Bestalde, Corrections Class filmarekin hogeita hamar bat sari irabazi ostean, Ivan Tverdoskyk (Shelkowo, Rusia, 1961) bere bigarren film luzea aurkeztuko du: Zoologiya / Zoology. Abiapuntua buztana ateratzen zaion emakume bat da; isatsak bizitza aldatuko dio. Filma Epaimahaiaren Sari Bereziarekin saritu zuten Karlovy Varyn.
Eat That Question: Frank Zappa in His Own Words dokumentala Baltimoreko musikariaren bizitzaren eta obraren gaineko begirada intimo bat da. Thorsten Schütte norvegiar zuzendariak egin du; hots, Ich, der King of Porn - Das abenteuerliche Leben des Lasse Braun eta Namibia Generation X dokumentalen egileak.
Pablo Álvarezek (Santiago, Txile, 1975) 2014ko Zinema Ikasleen Topaketan parte hartu zuen, eta haren proiektua Ikusmira Berriak ikus-entzunezko egoitzan parte hartzeko aukeratu zuten. Nazioarteko jaialdietan parte hartu duten hainbat film labur egin ditu; besteak beste, Los resentidos fikzioa. Álvarezek 25 minutuko pieza bat aurkeztuko du: irudizko collage bat, Txileko Santiagoko hirigunea gauez, eta gizon bakarti eta misteriotsu baten arrasto lausoa.
Zabaltegi-Tabakalerak berean hartuko du Chema García Ibarra (Elche, Espainia, 1975) zuzendariaren La disco resplandece film laburraren proiekzioa ere. Bere aurreko lanak Cannesen Errealizadoreen Hamabostaldian, Sundancen eta Berlinen hautatuak izan dira. In the Same Garden filmaren zati bat da: turkiar eta armeniarren arteko harremanei heltzen dien talde-film bat, datorren astelehenean Sarajevoko zinema-jaialdian estreinatuko dena.
Jia Zhang-ke (Shanxi, 1970) txinatar zinemagile garrantzitsuenetakoa da: Venezian Urrezko Lehoia irabazi zuen Still Life (2006) filmarekin, eta Cannesen gidoi onenaren saria A Touch of Sin (2013) filmarekin. Zabaltegin, The Hedonists film laburra aurkeztuko du. Zhang-ke zuzendari, idazle eta zinemagile gazteen filmen ekoizleak Shanxiko meatzari langabe batzuek lan bila egin beharreko periplo dramatikoa irudikatzen du.
Bertrand Bonello (Niza, 1968) Sail Ofizialean lehiatuko da ikusmin handia sortu duen Nocturama filmarekin. Bere lan-ibilbidean film luze eta laburrak txandakatzen ditu. Zabaltegi-Tabakaleran Sarah Winchester, opéra fantômeproiektatuko du, saiakera historikoaren eta mamu-istorioen arteko hibrido bat, FID Marseillen estreinatua. Bonellok musika ere konposatu du.
Mamuz beteta dago, halaber, Koldo Almandozen (Donostia, 1973) lehen film luzea. Rotterdamen estreinatua,Sipo Phantasma (Barco fantasma) naufragioei, banpiroei, amodioei eta zinemari buruzko kontakizuna da. Beste bi euskal produkzio izango dira sail honetan: Mikel Ruedaren Caminan eta Las chicas de Pasaik bikotearen (María Elorza eta Maider Fernandez Iriarte) Gure hormek / Our Walls (Nuestras paredes) Kimuak-eko film laburrak.
Antolatzailek: