Hizkuntzaren ahalmen performatiboarekin lan egin nahi dut, hizkuntzak gauzak egiteko duen gaitasunarekin, adibidez aldaketa sozialak eta aurrerabidea eragiteko. Nola bereganatzen du hizkuntzak gauzak egiteko gaitasuna? Erritualen bidez: erritualaren esparruan adierazitakoaren pisua oso bestelakoa da, askoz handiagoa. Eta nola egiten da erritual bat, orduan? Ikertu ahal izan dudanez, objektuen gramatika bat sortuta, objektuak esanahiez kargatuta. Objektu bat esanahiez kargatzeko modu bat litzateke robot bati euskaraz hitz egiteko eta abesteko gaitasuna ematea: niretzat, robot batean euskara "jartzeak" hari bihotz bat ematearen parekoa da. Robot bertsolariak sortzea da helburua. Hau da, bertsoak euskaraz abesteko gai diren robotak, robot euskaldunak. Egia esan, galdera honi erantzun nahi diot: Zergatik dira robotak Malevichen emakume nekazariak? Nire ustez, sektore babesgabeetan, gutxietsietan eta ukatuetan agertzen dira, hain zuzen ere, etorkizuneko distirak.