Zinema eta literatura uztartzen dituen Tabakalerako zinema zikloa, Chantal Akermanen figurari lotutakoa.
Zer gertatzen da zine-zuzendari baten ordez idazle bat denean film bati buruz zine-areto batean hitz egiten duena? Tabakalerak 2024an zine ziklo berri batekin abian jarri zuen proposamena da: Zinea eta literatura.
Tabakaleratik bultzatzen ditugun sormen-prozesuak hitzetik hasten dira askotan. Testu bat erakusketa, prototipo, performance edo film baten abiapuntua izan daiteke.
Zinea eta literatura zikloa, hain zuzen ere, idatzitakoaren eta proiektatutakoaren arteko gurutzaketatik sortu zen. Hilean behin, gonbidatutako idazleen eskutik, zinema zuzendarien filmetan sakonduko dugu begirada literario batekin.
Bere lehen urtean zikloa Marguerite Durasi eskaini zitzaion eta idazle gonbidatuak Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano eta Beñat Sarasola izan ziren. 2025ean, bigarren edizioan, zikloa Chantal Akermanen figurari lotuta egongo da. Aurten filmak aurkeztuko dituzten idazleak Itxaro Borda, Karmele Jaio eta Danele Sarriugarte izango dira.