Texto Destacado

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa antolatuko dute aurten ere. Deialdi honen helburua mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea da. Hamalaugarren Topaketa honen lehen aukeraketan 35 herrialdetako, 89 eskolatako, 193 film laburrek parte hartu dute: AEB, Alemania, Argentina, Austria, Belgika, Brasil, Danimarka, Ekuador, Erresuma Batua, Errumania, Eslovakia, Espainia, Frantzia, Georgia, Hego Korea, Herbehereak, Hungaria, India, Iran, Israel, Kolonbia, Kuba, Lituania, Mexiko, Txile, Paraguai, Peru, Polonia, Portugal, Puerto Rico, Qatar, Serbia, Suitza, Uruguai eta Venezuela.


Topaketa Tabakaleran izango da, irailaren 22tik 25ra. Aukeratutako film laburrak publikoari eta Zinemaldiaren gonbidatuei irekitako saioetan aurkeztuko dira.

Multimedia
Imagen
Eventos - Agrupaciones Pertenecientes
Visualización Actuales
1 Columna
Pasada?
Si
Descripción Larga

Zinema Ikasleen Nazioarteko XIV. Topaketa irailaren 22tik 25ra egingo da, 63. Donostia Zinemaldiaren barruan. Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatu dute, elkarrekin eta Donostia 2016 - Europako Kultur Hiriburuaren laguntzarekin. Azken fundazio horren helburua, hain zuzen, babes-prozesu jarraitu bat garatzea da, Donostiako ikus-entzunezko sorkuntza bultzatzeko eta, hartara, Europan formatu erdiko eta txikiko ekoizpeneko erreferente bihurtzeko hiria.


Aukeratutako film laburrak publikoari eta Zinemaldiko gonbidatuei irekitako saioetan aurkeztuko dira; ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalak ere izango dira saiootan. Publikoak, ikasleek eta profesionalek filmak ikusiko eta komentatuko dituzte, eta zinematografiaren praktikari eta teoriari buruz eztabaidatuko dute.


Zinema Ikasleen Nazioarteko XIV. Topaketari esker, zinemaren mundua gertutik ezagutu dezakete eskoletako ikasleek, topaldietan parte hartzen duten profesional bikainen esperientzien bitartez (zuzendariak, ekoizleak, banatzaileak, kritikariak, etab.); azken horiek ere, oraindik ikasten ari diren etorkizuneko zinemagileekin jakituria partekatzera datoz Topaketara.


Topaketan parte hartzen duten ikasleek osatutako epaimahai batek, Benedikt Erlingsson duela buru, Panavision Saria emango du. Irabazleak bi sariren artean aukeratu ahalko du: edo RED Epic kamera baten eta Primo lente estandar baten lagapena, lau astez filmatzeko, edo 10.000 euroko kreditua Panavisionen materiala alokatzeko. Film labur irabazlearen zuzendariari emango zaio saria. Orobat, Freak Agentzia / Feelsales Saria emango zaio: Freak Agentziak nazioarteko 50 zinema-jaialditara aurkeztuko eta bidaliko du film laburra, doan, eta nazioarteko salmentak kudeatuko ditu, mundu osoan, filma ekoitzi duen eskolaren herrialdean izan ezik. BioBioCine – Duoc UC Saria ere emango zaio Panavision eta Freak Agentzia / Feelsales sariak eraman dituen film laburrari; sari horri esker, zuzenean hautatuko dute Concepcióneko (Txile) BioBioCine nazioarteko zinema-jaialdian parte hartzeko. Epaimahai horrek zehaztuko du, halaber, zer hiru zuzendarik izango duten Cannes-eko hurrengo zinema jaialdian Short Film Corner sailean parte hartzeko aukera. Bestalde, euskal zentroetako ikasleek eratutako epaimahai berezi batek Orona Saria banatuko du. HUHEZI-ko irakasle batek koordinatuko eta Orona Fundazioko Garapen Zuzendaritzak zuzenduko du epaimahaia, eta Topaketako film labur berritzaileena sarituko du, 5000 eurorekin saritu ere. Zenbateko hori zuzendariari emango zaio.

Azkenik, beste epaimahai berezi batek Torino Award saria banatuko du. Topaketan parte hartzen duen zuzendari bati emango zaio, eta sariari esker, TorinoFilmLab-eko programa batean parte hartzeko aukera izango du zuzendariak, saria eman eta hurrengo bi urteetan.


Lehiaz kanpoko hiru film labur ere aurkeztuko dira topaldian. Batetik, Atelier Ludwigsburg-Paris proiektuko bi film labur emango dira. Nazioarteko lankidetza eta ekoizpen-prozesuak sustatzeko proiektu bat da, eta Pariseko La Fémis zinema-eskolak eta Badem-Württembergeko Filmakademie zinema-eskolak hartu dute parte. Bestetik, hirugarren film labur bat, Donostia Zinemaldiaren eta Concepcióneko (Txile) BioBioCine nazioarteko zinema-jaialdiaren arteko lankidetzaren eskutik datorrena; izan ere, bai jaialdiak bai Topaketak, bi-biek dute helburu ikus-entzunezko arloko ezagueren eta esperientzien trukea sustatzea.

Temática
Imagen Listado
Imagen
Año
2015
Tipo Agrupación
Programa