Descripcion Larga

Donostia Zinemaldiak bi emanaldi berri eskainiko ditu irailean Tabakalerako pantaila partekatua hartzen duen Zinemaldia + Plus fokuan. Film bakoitzak 69. edizioko Donostia Sarietako bat du protagonista: Marion Cotillard da Dardenne anaiek zuzendutako Deux jours, une nuit (2014) filmeko aktore nagusia, eta Johnny Depp, berriz, Jim Jarmuschen Dead Man (1995) filmeko aktore nagusia. José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak aurkeztuko ditu bi saioak.


Irailaren 4erako (larunbata), Deux jours, une nuit ‒Jean-Pierre eta Luc Dardenne belgikarren film berrienetako bat‒ programatu da, eta jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin emango da filma. Rosetta (1999) eta L’enfant (2005) filmengatik Urrezko Palmorria irabazi zuten zinemagileek Marion Cotillard izan zuten drama sozial horretarako; bertan, emakume batek asteburu bat du bere lankideak konbentzitzeko beren aparteko ordainsariari uko egin diezaioten, bestela lana galduko baitu. 2006an, Dardenne anaiek La promesse (1996) lanarekin parte hartu zuten Emigranteak atzerabegirakoan.


Bigarren saioa, irailaren 9rako programatua, Dead Man izango da, eta euskarazko azpitituluekin eskainiko da Jim Jarmusch estatubatuarrak zuzendutako film ikonikoa. Kultuzko western honetan Johnny Deppek indigena bitxi batekin topo egingo duen iheslari baten rola egin zuen. Filma zuri-beltz espresibo batean grabatu zen eta jatorrizko soinu-banda Neil Young rock musikariak egin zuen. Bere garaian, Jarmuschek Ghost Dog: The Way of the Samurai (1999), Broken Flowers (2005) eta The Limits of Control (2009) filmekin parte hartu zuen Perlak sailean, eta Gimme Danger (2016) aurkeztu zuen, gainera, Zabaltegi-Tabakaleran.


Azken urteotan, Tabakalerak Zinemaldia hasi aurretik hartu izan ditu Donostia Sariarekin (aurten, 69. edizioan, Marion Cotillard eta Johnny Depp izango dira Donostia Saria jasoko dutenak) lotutako filmen emanaldiak. Hemendik aurrera, saio horiek Zinemaldian + Plus hileroko fokuan sartuko dira. Zinemaldian + Plus 2020ko urrian sortu zen, eta Ikusmira Berriak, Nest eta antzeko programetan edo Donostiatik igaro diren zinemagileen aurretiko lanean (Lehen Urratsak) ipini izan du arreta harrez geroztik, baita beste proposamen batzuetan ere. Urritik aurrera, Zinemaldia + Plus fokuak bere ohiko martxa berreskuratuko du Z365 kontzeptuaren barruan, zeinak Zinemaldia urte osoko hitzordu bihurtzeko balio baitu.


Imagen Listado
Imagen
Imagenes Detalle
Imagen
Fecha
Descripción Corta

Tabakalerako pantaila partekatuak Dardenne anaien 'Deux jours, une nuit' programatu du irailaren 4rako, eta Jim Jarmuschen 'Dead Man', berriz, irailaren 9rako