Andrei Rublev, AndréiTarkovski, SESB, 1966, 205'
Zinemaren historiako katedrala, funtsezko filma, maisu-lana eta berebiziko obra, galdu ezinekoa, ahaztu ezinekoa…Eta munduko goraipamen guztiak eginez jarraitu genezakeen; izan ere, filmak ongi mereziak ditu eta halaxe deskribatu da estreinatu zenetik egin diren emanaldi guztietan. Baina askoz ere errazago esango dugu: zinema-pantailan ikusi –eta bizi– beharreko film horietako bat zinema-pantailan ikusteko aukera da hau.
Filmaren oinarria, libreki, Andrei Rublev monjearen eta XV. mendeko Errusiako ikono-margolariaren bizitza da, eta errealismo handiz erakusten du Erdi Aroko Errusiaren testuingurua, printzipeen eta tartariarren inbasioen arteko borrokak barne. Aldi berean, artistei eta munduan duten lekuari buruzko tratatua da zeharo.
Tarkovski eta haren taldea hainbat urtez murgildu ziren film hau idazteko eta prestatzeko lanetan, Erdi Aroko Errusiako dokumentuak, testuak, margolanak, soinuak eta bizimoduak aztertuz, benetan aditu bihurtu arte. Baina garrantzitsuena hau da: nola Tarkovskik berdinik gabeko esperientzia zinematografiko bihurtu zuen hori guztiori.
Canneseko zinema-jaialdian estreinatu zen –sobietar gobernua erabat aurka zegoela–, 1969an, eta nazioarteko kritikaren saria eraman zuen. Aurkezpen horrez geroztik, gobernuaren zuzeneko erasoak jasan zituzten filmak eta zuzendariak; izan ere, haien ustez sobietar estatuaren aurkakoa zen zinemagintza mota hori. Filmari askotariko mozketak eta zentsurak egin zizkioten, baina laster bihurtu zen mundu osoko zinemagile, ikusle eta kritikariek goraipatutako erreferentzia nazioartean. Aurkezten dugun kopia zuzendariaren jatorrizko muntaketa da, Canneseko zinema-jaialdian aurkeztu bezala.
Zinema-pantailan ikusi –eta bizi– beharreko film horietako bat zinema-pantailan ikusteko aukera da hau.