Texto Destacado

Hau jolas bat da. Carlos Mugirok dioen moduan, elkarrizketa bat proposatzen dugu –batzuetan zuzena, besteetan periferikoa– Andréi Tarkovski zuzendari errusiarraren eta gaur egungo beste pelikula batzuen arteko iradokizunez, antzekotasunez eta oihartzunez eztabaidatzeko.

Multimedia
Imagen
Eventos - Agrupaciones Pertenecientes
Pasada?
Si
Descripción Larga

Frank Kermode kritikari britainiarraren arabera, obra bat klasikotzat jotzeko oinarrizko baldintzetako bat testuaren pazientzia da; hau da, gaitasuna izan behar du ondorengo belaunaldiak, egilearen garaikideetatik harago, berarengana gerturarazteko, harekin identifikarazteko eta hura interpretatzeko arrazoiak aurkiarazteko. Gogoeta hori ondo datorkio Andréi Tarkovski zinemagileari, haren lana aldian-aldian programatu baita mundu osoko pantailetan, 1986. urtean hil zenetik. 32 urte hauetan erabat aldatu dira zinema-aretoetako jarlekuak, baita ikusleek haren zimena jaso zuteneko egoera historiko eta soziala ere. Hala eta guztiz ere, errusiar zinemagilearen lanek ikusle berriengan iraun dute garai modernoko zinemagileengan ezohikoa den indarrarekin eta, are, probokatzeko eta interpelatzeko gaitasunarekin. Hogeita hamar urte hauek Tarkovski leku horretan kokatu dute, klasikoen lekuan, eta mundu guztiak du haren pelikulei buruzko iritzia, ikusi ez badituzte ere. Eta bai, hain zuzen ere, haren zinemak oraindik ere pazientzia handiz erakartzen ditu, Kermodek esango lukeen moduan, ikusle, irakurketa eta filiazio berriak. Inspirazio-iturri gisa erabili dute doktorego-tesi eta musika-konposizioetarako, baina baita bideo-jokoetarako (GSC Game Worlden S.T.A.L.K.E.R.erako, adibidez) eta sorkuntza literarioetarako ere (saiakera nahiz poemetarako, esaterako Geoff Dyerren Zona).

 

Alabaina, zinemagileak santutzea ez da ona inondik inora ere, ezta zinemagile hautatuentzat ere. Andréi Andréievich Tarkovskik, zinemagilearen semeak, lezio galduei buruzko saioaren harira EQZEra duela gutxi eginiko bisitan, hain zuzen ohartarazi zuen arriskutsua dela bere aitaren obraren irakurketa hagiografiko eta akritikoak egitea, hori helburu errealetik zeharo aldentzen delako. Hori dela eta, haren lana marmolezko aldaretik jaitsi eta bizitzara bueltatzeko modu bat da haren filmografia kronologikoki berraztertzea eta gaur egungo beste film batzuekin elkarrizketan jartzea, film horiek soilik urruneko oihartzunen edo oroitzapen tangentzialen bidez lotuta egonda ere. Horixe da, egiatan, haren lanari leial izateko modu bakarra, kanon aldagaitzak ez onartzekoa eta geure burua ikusle gisa aldarrikatzekoa. Horixe da klasikoen pazientzia. Urtarrilean abiatuko dugun programa honek, bada, horrexetara gonbidatzen gaitu, eta udaberrian lezio galduei buruz egingo den bigarren saiora eramango gaitu.

 

 

Carlos Mugiro, EQZEko zuzendaria

 

 

 

 

 

FOKUAK: ANDRÉI TARKOVSKI + ZINEMA GARAIKIDEA

 

 

Hau jolas bat da. Carlos Mugirok dioen moduan, elkarrizketa bat proposatzen dugu –batzuetan zuzena, besteetan periferikoa– zuzendari errusiarraren eta gaur egungo beste pelikula batzuen arteko iradokizunez, antzekotasunez eta oihartzunez eztabaidatzeko.

 

 

01.20, larunbata, 18:00, Krizácek (Little Crusader), Václav Kadrnka, Txekiar Errepublika, 2017, 90’

01.21, igandea, 18:00, Ivanovo detstvo (Ivanen haurtzaroa), Andrei Tarkovski, SESB, 1962, 95'

02.10, larunbata, 18:00, Aliens, Luis López Carrasco, Espainia, 2017, 23’ + Viu, Viu, Viu, señor Corberó, Diego Postigo, Espainia, 2017, 47’

02.11, igandea, 18:00, Andrei Rublev, Andréi Tarkovski, SESB, 1966, 205’

 

 

 

 

 

 

 

Imagen Listado
Imagen
Año
2018
Tipo Agrupación
Zikloa