Auzoko hitzak proiektua Tabakalera Hezkuntza eta Egiako Aitor Ikastola, Maria Reina Eskola eta Mundaiz Ikastetxearekin batera garatzen ari garen proiektu pedagogiko honek euskara, auzoa eta kultur ekoizpena ardatz gisa ditu.
Auzoko Hitzak Tabakalera Hezkuntzak eskolekin elkarlanean martxan jarritako lehenengo proiektu pilotoa da. Egiako Aitor Ikastola, Maria Reina Eskola eta Mundaiz Ikastetxearekin batera garatzen ari garen proiektu pedagogiko honek euskara, auzoa eta kultur ekoizpena ardatz gisa ditu.
Euskara, Ikasle Euskaldun Eleanitzak sortzen egitasmoaren barruan kokatzen delako; Auzoa, pedagogia eta espazio publikoaren arteko harremana landu nahi delako hezkuntza komunitatea indartuz; eta Kultur ekoizpena, hezkuntza prozesuetan kultura ere sortzen ari garelako.
Lehen hezkuntzako ikasleak izango dira proiektu honen motore eta haiengandik irtengo da abiapuntutzat hartuko dugun hausnarketa: Nola erabiltzen dut auzoa? Zein toki ditut gustokoen? Ondoren: Zer egiten dut toki horietan? Zertarako erabiltzen ditut? Eta bukatzeko: Zer esaten dut bertan? Ze hitz erabiltzen ditut? Ze hitz entzuten ditut?
Kontzientzia hartze ariketa batzuen ondoren, ikasleekin batera erabakiko dugu zein espazio, erabilera eta gertaera eraldatu edo azpimarratu nahi ditugun. Eta horretarako produkzio fase batean sartuko gara.
Proiektu guztian zehar elkarlana sustatu nahi da, bai eskolen artean eta baita eskolak, auzoa eta auzokideen artean ere. Horregatik bidelagun ugari izango ditugu, Antxeta ttanttakun taldeko hezitzaileak, Ttanttakun irratia, Ipar grafikak, Egiako hizkuntza batzordea, Guraso elkarteak, etab.