Bettina Szabo Uruguaiko dantzari eta koreografoa da. 2007az geroztik Montrealen bizi da. Hebe Rosarekin ikasi zuen Montevideon (Uruguai) eta Rami Be'erekin Ga'atonen (Israel). 2013an Dantzan graduatu zen EDCMn eta 2017an Koreografiako lizentziatura eskuratu zuen Concordia Unibertsitatean (Montreal, Kanada). Marie Chouinard, Dave St Pierre, Hildegard de Vyust eta Guy Coolsekin jarraitu zuen prestakuntza profesionala.
Bere dantza ibilbidean honako hauekin egin du lan: Montevideoko Ganbera Baleta (2004-2007), Kibbutz Contemporary Dance Company (KCDC) (2010), Interlope kolektiboa (2013-2014), Jason Cutler (2019) eta Paul Chamberst (2021). Sari eta beka ugari jaso ditu dantzari zein koreografo gisa: ikuskizun onena, koreografia onena, eta emanaldi onena La Movida Joven de Montevideorengatik, Uruguaiko Kultura eta Kirol Ministerioak emanda. MASAren Dance Journey beka eskuratu du, baita KCDCrena, Quebeceko DSLRena eta Frantziako Royaumont Fundazioarena ere. Egonaldiak egin ditu Circuit-Est zentroan, MAIn, Quebeceko Diane Dufresne Kultura Zentroan, Genevako Kulgar galdategian, Vienako Impuls Tanzen, Euskal Herriko Dantzagunen eta Parisko La Briqueterien. Kanadako, Quebeceko eta Montrealeko arteen aholku batzordeek bere lana babesten dute.
Bere sorkuntzak diziplinartekoak dira, musika eta arte plastikoen arteko lankidetzak muineraino bustita. Noir=+ (2014), Sequelles (2016), Habitat (2020-2021) sortu zituen, eta, gaur egun, Cuñan eta Zerukin ari da. Bere lana ikusi ahal izan da Ginebran, Lyonen, Vienan, Montrealen, Toronton, Mantes La Jolien, Ramallahn eta Bilbon. Sarri gonbidatzen dute musikariekin elkarlanean aritzeko, hala nola Bakalari y Architekt taldeak eta Laurence Jobidon konpositoreak.
Diversité Artistique Montréal (DAM)eko kidea da eta Reagroupement Quebecois de la Danseko zuzendaritzako kide ohia. Bettinak Montrealeko inguru artistikoan kultur aniztasuna txerta dadin lan egiten du.