Céline Sciammak kontatu ohi du zinearekin daukan lotura bere amonaren zinezaletasunarekin erlazionatzen duela: musikalak eta komedia amerikarrak erakutsi zizkion.
ARNASKETA BAT FILMATZEA
Céline Sciammak kontatu ohi du zinearekin daukan lotura bere amonaren zinezaletasunarekin erlazionatzen duela: musikalak eta komedia amerikarrak erakutsi zizkion. Kontatzen du baita bera arrastoa utzi zion lehen pelikula Kieslowskiren Bleu dela ziurrenik, eta arrazoietako bat zinera bakarrik joan zen lehenengo aldia izan zela dela. Oso era politean azaldu ohi du zinea ez direla pelikulak bakarrik, esperientzia osoa baizik. Adibidez, bere lehen aldi horretatik oroitzen du bizikleta, euria, bere herrian baina kilometroetara zegoen zine aretoa eta atera zenean euria ari zuela oraindik, eta berak zira urdin bat zeramala jantzita. Urdina (Bleu) pelikula bezala eta sentsazio berri bat: zinea eta bizitza nahastu egiten dira. Céline Sciammarentzat zinea ez da egoera mental bat bakarrik. Esan genezake Céline Sciammarentzat zinea bizitzeko era bat dela.
Céline Sciammaren ezaugarrietako bat da zine zuzendaria izateaz gain, beste zuzendari batzuentzat lan egiten duen gidoilaria dela. Ziklo honen bitartez bere bi lanbideak erakutsi nahi ditugu. Horretarako, berak zuzendutako luzemetrai guztiak proiektatuko ditugu eta berak idatzitako bi pelikula ere aukeratu ditugu: Animaziozko Ma vie de Courgette (Claude Barras, 2016) eta Les Olympiades, Paris 13e (Jacques Audiard, 2021).
Céline Sciammaren filmografia izenek osatzen dute: Marie, Anne eta Florianne; Mikhael izena duela esaten duen Laure; Mariame eta bere hiru lagun berri errebeldeak; Marianne margolaria eta kondesaren alaba Héloïse eta Nelly txikia. Beraiek dira istorio ezberdinetako protagonistak eta istoria horiek identitatea eta begiradaren inguruan hausnartzera gonbidatzen gaituzte baina, batez ere, sentiarazi eta hunkitu egiten gaituzte.
Céline Sciammak 29 urte baino ez zituen bere lehenengo pelikula Cannesen estrenatu zuenean: Water Lilies (Naissance des pieuvres) (2007). Bertan, bere zinearekin antzekotasunak dauzkan kirol bat erakusten du: sinkronizatutako igeriketa. Emakumeek bakarrik egiten duten kirola da eta uretatik kanpo daudenean beraien irribarrerik onena eta aurpegi onena ipintzen dute. Baina, bitartean, urazpian, ikusten ez den lekuan, ikaragarrizko esfortzu fisikoa egiten dute mingarria ere izan daitekeena. Sciammaren pertsonaien prozesuak ere barrutik doaz beti baina zuzendariak haiek sentitzen dutena guk sentiarazteko gaitasuna dauka: desira, beldurra, poza, angustia. Zoragarriena da batzutan zuzendariak hori lortzen duela erabaki zinematografiko oso zehatz eta konkretuengatik: nola hartzen duen aktore batek arnasa. Adibidez, Retrato de una mujer en llamas-eko azken eszenan, Héloïse hunkituta dago Vivaldiren Uda -ren emanaldi bat ikusten eta Sciammak bazekien bukaera horretarako ezinbestekoa zela Adèle Haenel aktoreak eszena arnas hartze batekin bukatu zezan. Ez da gauza bera arnas hartze bat edo arnasbotatze bat filmatzea eta Sciammak bazekien zinearen Historian falta zen lesbianen arteko maitasun pelikula honek arnas hartze batekin bukatu behar zuela. Seguruna, arnasketa baten erritmoaren kontzientzia, bere pelikula osatzen duten eszenen erritmoaren kontzientzia eta eszena barruko erritmoaren kontzientzia baita lotuta egongo dira bere amonak musikalei dien maitasunarekin eta zein ondo transmititu zion maitasun hori berari.
Céline Sciammaren zine zikloa Bilboko Institut Françaisarekin kolaborazioan antolatuta dago.
PROGRAMA
Uztailak 6, larunbata, 19:00
Water Lillies (Naissance des pieuvres), Céline Sciamma, Frantzia, 2007, 85’
Uztailak 13, larunbata, 19:00
Tomboy, Céline Sciamma, Frantzia, 2011, 82’
Uztailak 20, larunbata, 19:00
Bande de filles, Céline Sciamma, Frantzia, 2014, 103’ (EU + EN)
Uztailak 27, larunbata, 19:00
Retrato de una mujer en llamas, Céline Sciamma, Frantzia, 2019, 122’
Abuztuak 3, larunbata, 19:00
Petite maman, Céline Sciamma, Frantzia, 2021, 73’
Abuztuak 24, larunbata, 19:00
Ma vie de Courgette, Claude Barras, Suitza, Frantzia, 2016, 66’ (EU + EN)
Abuztuak 31, larunbata, 19:00
Les Olympiades, Paris 13e, Jacques Audiard, Frantzia, 2021, 105’