Tabakalera izango da, Kursaal Auditorioarekin eta San Telmo Museoarekin batera, 81. Musika Hamabostaldiaren erreferentziazko egoitza.
Tabakalera izango da, Kursaal Auditorioarekin eta San Telmo Museoarekin batera, 81. Musika Hamabostaldiaren erreferentziazko egoitza. Eraikinaren Patioan izango dira edizio honetako dantza ikuskizunak, eta baita haurrentzat diseinatutako proposamenak ere. 4. solairuko terrazan, berriz, Musikeler kontzertuez gozatuko dugu, zeinetan Musikeneko ikasleak izango baitira protagonista.
DANTZA ataleko emanaldiei Iker Murillo pasaitarraren saioarekin emango zaie hasiera. Harekin batera jardungo dute Vitali Safronkine dantzariak eta Haatik Dantza Konpainiak, eta hiru dantza estilo lantzen dituzten hiru koreografia interpretatuko dituzte elkarrekin. Bertan gozatuko dugu ballet neoklasikoaren ildoen garbitasunaz, dantza garaikideari lotutako gorputzaren adierazpen organikoaz eta euskal dantza tradizionaletik sortutako pauso ezagunez (abuztuak 5 / Patioa). Handik astebetera, Lasala dantza konpainia garaikideak aurkeztuko du bere proposamena, Judith Argomaniz donostiarraren zuzendaritzapean: gaur egungo hizkuntza fisikoa eta estetika sortzeko ikerketa etengabearen emaitza diren hiru koreografia dira (abuztuak 12 / Patioa). Tabakalerako Patioan jardungo duen azken konpainia Aukeran Dantza Konpainia izango da (abuztuak 18 / Patioa). Edu Muruamendiaraz zuzendari duen taldeak “Maurizia naz” ikuskizuna eskainiko du. Emakumeei omenaldia egiteko helburuarekin sortua da ikuskizuna, eta Maurizia Aldeiturriagaren irudiaz baliatuko dira horretarako, bera izan baitzen Euskal Herrian plazaz plaza panderoarekin, kantuan eta kementsu ibili zen lehenengo emakumea.
Dantza emanaldiez gainera, atariko gisa, hiru hitzaldi programatu dituzte. Iker Murillo, Judith Argomaniz eta Edu Muruamendiarazek euren bizipenak partekatuko dituzte saio horietan.
Tabakalerako Patioan HAURREN HAMABOSTALDIA saileko bi proposamen izango dira. “Sagutxo Tuntuna” ikuskizuna, 2 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendutako ikuskizuna da, eta ganbera talde batek, dantzari batek, txotxongilo batek eta narratzaile batek osatua izango da (abuztuak 8). Shostakovitxen “Sagu txiki eta kaiku baten istorioa” haurrentzako operan oinarritua, ikuskizun honek Errusiako baserri batean, animaliak lotara joan behar duten unean gertatzen den istorioa kontatzen du. “Ár bo la ré / Zu haitz ez”, ikuskizuna, bestalde, 8 eta 14 urte bitarteko haurrentzat gomendatua da, eta zuhaitzak irudikatzen ditu, abestiekin eta mugimenduan: ile harrotuta duten zuhaitzak, zuhaitz okertuak eta tenteak, haizearekin dantza egiten duten zuhaitzak. Easo Eskolaniak eta Easo Gazte Abesbatzak eszenaratuko dute sorkuntza lan berri hau. Haurren Hamabostaldian estreinatuko da, abuztuaren 22an, larunbata. Haurrentzako bi proposamen horiek, Tabakalerako “KAMELEOIAK GARA!” jarduera programaren barruan sartuak, euskaraz izango dira, eta doakoak; edonola ere, aurretik eman behar da izena, www.tabakalera.eu webgunean.
MUSIKELER: musika klasikoaren eremura ikusle berriak erakarri nahi dituen atal honetako kontzertuak Tabakalerako laugarren solairuko terrazan izango dira aurten, Kutxa Kultur Gauak programarekin bat eginez. Giro informal eta lasaian, musika zuzenean eta zerbeza “dastatzeko” aukera eskaintzen da, abuztuko hiru ostegunetan, Musikeneko ikasleak protagonista izango dituzten hiru kontzertuen bitartez: Oreka Boskotea abuztuak 6; Juan Laborería baritonoa, Javier González Sarmiento pianista laguntzaile duela, abuztuak 13, eta Zilarra Quintet, azkenik, abuztuak 20.
PROGRAMA
3/08 19:00
HITZALDIA: IKER MURILLO & VITALI SAFRONKINE
Izen-ematea
5/08 20:00
IKER MURILLO & VITALI SAFRONKINE (BETETA)
10€
6/08 20:30
QUINTETO OREKA BOSKOTEA
3 €
8/08 17:00
“SAGUTXO TUNTUNA” (BETETA)
Doan (izen ematea beharrezkoa da)
10/08 11:00
HITZALDIA: JUDITH ARGOMANIZ
Izen-ematea
12/08 20:00
LASALA DANTZA KONPAINIA (BETETA)
10 €
13/08 20:30
JUAN LABOREIRA / JAVIER GLEZ SARMIENTO
3 €
17/08 19:00
HITZALDIA: EDU MURUMENDIARAZ
Izen-ematea
18/08 20:00
AUKERAN DANTZA KONPAINIA (BETETA)
10 €
20/08 20:30
ZILARRA QUINTET
3 €
22/08 17:00
"ÁR BO LA RÉ" "ZU HAITZ EZ"
Doan (izen ematea beharrezkoa da)